Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketako finala
Unibertsoaren oreka itzuli da Aimarren garaipenarekin
Azken zazpi hilabeteetan elkarren kontra jokatutako finalen emaitza orokorra bina berdinduta geratu da.
IRUJO 18
OLAIZOLA II 22
Imanol CARRILLO | DONOSTIA
Munduko zenbait tokitan eta erlijiotan unibertsoaren orekan sinesten dute. Hau da, nolabait azaltzearren, ekintza txar bat egiten denean, lehenago edo beranduago ekintza hori konpentsatu egingo dela uste dute. Kasu honetan, badirudi Aimar Olaizolak oreka ekarri duela bere eta Juan Martinez de Irujoren arteko neurketen arteko emaitza orokorretara.
Atzokoa kenduta, hiru izan dira bi pilotari hauen arteko finalak azken zazpi hilabeteetan. Juanek bi garaipen zituen eta Aimarrek, berriz, bakarra. Baina Labrit lekuko eta Nafarroako Lau eta Erdiko Txapelketako finala arrazoi zirela, emaitza berdintzea lortu zuen goizuetarrak, bere jokoari asko egokitzen zaion kaiolako modalitatean -hiru aldiz irabazi du torneoa-.
Ez zuen partida erraza eduki, ordea, Olaizola II.ak, eta azken emaitzak, beste zenbait faktoreren artean, hori esaten du. Neurketako lehen zatia Irujoren aldekoa izan zen. Iberoarra beste zenbaitetan baino lasaiago aritu zen jokoan, presaka ibili gabe.
Kantxara ikuskizuna emateko aterako zirela aurreratu zuen Aspekoak igandean Zarautzen, eta ez zuen gezurrik esan. Tanto politekin eta joko biziarekin gozatu ahal izan zuten San Fermin egun handian Labriten bildutako ikusle eta festazale guztiek.
Azken txanpa
Bigarren zatia, aldiz, Olaizola II.arentzat izan zen. Goizuetako aurrelariak, beregan oso normala denez, defentsa ikaragarriarekin, pazientziarekin eta xehetasunekin lortu zuen pixkanaka behetik gorantz egitea.
Izan ere, 18-17 izan zen Irujoren aldeko azken emaitza. Orduan hasi ziren goizuetarraren benetako lan gogorraren eragin positiboak ikusten. Beroa eta nekea ere nabariak ziren kantxan, pilotariak partida ugari jokatzen ari baitira udako jaialdietan.
Irujoren ustez, «ez dira torneoak jokatzeko garai onenak. Kantxan ez duzu gozatzen, eta hori nabaritu egiten da». Arrazoia eduki edo ez, atzo gauean hasitako Binakako San Fermin Torneoan pentsatzen hasi beharko dute jada biek.