dFERIA-k balorazio positiboa eginda itxi du 15. edizioa, jarduera paraleloen bultzada txalotuz
Donostiako Arte Eszenikoen Nazioarteko Feria «ikusleen eta programatzaileen txalo artean» amaitu dela esan dute antolatzaileek. Guztira, parte hartzea ia 9.500 lagunera iritsi da aurtengo edizioan.GARA | DONOSTIA
dFERIAren barruan 20 emanalditan 19 ikuskizun eskaini ondoren, balorazioa egiteko unea iritsi zaie arduradunei eta, azaldu dutenaren arabera, edizio arrakastatsua izan da aurtengoa. «Ikusleen eta programatzaileen txalo» artean amaitu dela nabarmendu dute. Haien aburuz, hamabosgarrena izan den edizio honen ondoren, dFERIA «erreferentzia gisa» finkatzen ari da estatu mailan, «parte hartu duten ikusle eta profesional kopuruak ziurtatzen duen bezala».
Datu esanguratsu gisa, aurtengo profesional akreditatuen kopurua eman dute arduradunek, iaz baino 10 gehiago egon baitira. «Zifra hori -guztira 272 lagun- dFERIAko hamabost edizioetan lortu den kopuru handiena da».
Bestalde, kale antzerkia programatu ez izanak eta Kursaala erabili ez izanak amaierako datuetan «berebiziko eragina» izan duela esan dute, «bai ikusleen eta baita programatutako ikuskizunen kopuruan ere». Jarduera paraleloei eman zaien bultzadak erantzun zuzena izan du publikoaren eta profesionalen parte-hartzean; izan ere, % 35 egin du gora.
Berritasuna da, bestalde, aurtengo egitarauak izan duen ezaugarrietako bat. Ikuskizunen hiru laurdenak estreinaldiak izan dira, era batera edo bestera. Horrela, hiru estreinaldi oso, Europa mailako bost, Estatu mailako hiru eta Euskal Herri mailako beste hiru izan dira. Guztira 14 estreinaldi izateak «konpainiek dFERIAren aldeko apustua egin dutela esan nahi du», antolatzaileen ustez.
Nazioarteko konpainiak
Izaera internazionala da, horrez gain, jaialdi honen ezaugarria. Konpainien ia erdia atzerritik etorri da Donostiara; horrela, hemengo publikoak Uruguai, Costa Rica, El Salvador, Brasil, Peru, Argentina, Honduras eta Poloniatik etorritako konpainien lanak ikusteko aukera izan du.
Bestalde, jarduera paraleloak izan dira aurtengo hitzordua erakargarriagoa egin dutenak, «aniztasun handiko publikoa» erakarri baitute. Horrela, 15. edizio honetan parte hartzea 4.018 pertsonakoa izan da, hots, iaz baino %35 handiagoa.
Azkenik, IntinerArte ekimena nabarmendu daiteke, dFERIA barruan oinarrizko proiektu gisa finkatu dena. Latinoamerikako konpainiak biran jartzen ditu egitasmoak eta hurrengo egunetan, bere ibilbidea jarraituz, Basaurin, Zornotzan, Elorrion, Durangon eta Eibarren egingo ditu geldiuneak. Latinoamerikako ikuskizunentzako plaza da eta, gainera, hango eta hemengo profesionalen arteko harremanak sortu eta sendotzea du helburu.
5.427 lagunek ikusi dute programatutako ikuskizunetakoren bat. Horiei beste jarduera batzuetako 4.018 parte hartzaileak gehitu behar zaizkie; guztira, 9.444 lagun bildu dira aurten.