GARA > Idatzia > Iritzia > Azken puntua

Humanismoan, baina bufalo taldeak bezala

Batetik bertzera gabiltza beti, nora ez dakigu, baina norabait goaz, presa batean, eta kalean erdi oinez erdi lasterka goazela lagunen batekin topo eginez gero, bost minutu egonen gara berarekin solasean, ez anitzez gehiago, tik-tak tik-tak, erlojua aitzinera doa, ezin gara gelditu, ezin dugu denborarik galdu, denbora ez, batetik bertzera joateko bidean, tarteko guztia galtzen dugu, eskerrak sanferminetan behintzat orratzak gelditzen diren!

Arnasa pixka bat. Kafe lasai bat. Ostatu honetan ere denbora geldirik dago. Fredi Paiari elkarrizketa egin diot hiru urteotan Uribe-Kostako zaharrekin egin duen etnografia lanari buruz eta bertsolari algortarrak kontatutako kontu interesgarriez ari naiz hausnartzen. «Humanismoan bizi gara, baina bufalo-taldeen antzera jokatzen dugu, korrika mantsoen egiten dutenak lehoiek jan ditzaten utziz. Zaharrak baztertuta ditugu», ohartarazi dit. Egia da, beti badugu zereginen bat eta ez dugu denborarik eurekin egoteko. Gainera, zer jakinen dute gure arazo eta kezka izugarriez eta gure ametsez, nola ulertuko dute zer sentitzen dugun! Hain modernoak garenez eta hain liatuta gaudenez, aurrekoengandik urrundu gara, zaharrak noizbait (aspaldi, hagitz aspaldi) gazte izan zirela atzenduta, euren esperientziak gure bidea egiten zenbat lagun diezagukeen ohartu gabe, orain bizitzen ari garena guretzat berria izan arren, natura ziklikoa baita eta ilusioak eta buruhausteak ez baitira hainbertze aldatzen belaunaldi batetik bertzera. Batetik bertzera gabiltza, baina ez dakigu nondik nora, lokarria hausteak ezjakintasuna, hutsunea eta segurtasun falta ekartzen dizkigu, pobreago egiten gaitu. Iraganak harrapatuko gintuen beldur ginen, baina, horren ordez, geroak hartu gaitu preso.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo