«Gatza», sistema makabroaren lekuko nagusia
Duela 29 urte, 1980ko uztailaren 8an, Polizia espainiarrak Joxe Mari Sagardui Gatza atxilotu zuen. Era honetan, inkomunikazioaren, torturaren eta epaiketen ondoren gaur arte luzatzen den kartzelaldia hasi zen zornotzarrarentzat. Bera da kartzelan denbora gehien daraman euskal preso politikoa; espainiar sistema penal eta politikoak ezarri duen lehiaketa makabroaren lekuko nagusia da Sagardui. Espainiar agintariek presoak garaikur gisa aurkezten dituzten arren, Gatza eta berarekin dauden gainontzeko preso guztiak haien porrotaren adibiderik argiena dira.
Espainiar legediak dioenez, kartzelaren helburua berriz gizarteratzea da. Baina, kartzelak berak erakusten duenez, Sagarduik berak eta bere sendiak ongi azal dezaketenez, espainiar kartzeletan zigorraren helburua bazterketa da, preso komunen kasuan batez ere, eta mendekua da, preso politikoen kasuan argi eta garbi. Mendekua, beren gizartetik baztertzea ezinezkoa baita. Soilik horrela uler daiteke espainiar agintariek orain darabilten obsesioa presoen irudiak direla-eta.
Hogeita hamar urterako doan kondena honetan Gatzak bidean utzi duena kontaezina da: zenbat irri, zenbat negar, zenbat egun eta gau etxetik urrun, zenbat festa... galdu dituen nekez kalkula daiteke. Bide horretan Estatu espainolak galdu duena, ordea, erraz zerrendatzen da: duintasuna eta zilegitasuna, besteak beste.