Ipar Euskal Herriko esnegileak, haserre eta larrituta prezio apalengatik
Azken asteotan beren kezka maiz azaldu duten arren, atzo oso kexu agertu ziren Ipar Euskal Herriko esnegileak. ELBk deituta, Baionako suprefeturaren aitzineko bidea blokeatu zuten prezio «onargarriak» finkatzeko negoziazioak berrabiatzeko eskatuz.
Arantxa MANTEROLA |
«Ezin dugu horrela jarraitu. Ez dugu gure gastuen doia ere egiten ordaintzen digutenarekin. Gure esnea beste modu batean baloratua izan behar da gu esne horretaz bizi gaitezen». Christian Harlouxet ELBko ordezkariak hitzokin agertu zuen, atzo, esnearen prezioen apaltzeak ekarri dieten ondorioen larritasuna.
Egoera horrek eragindako haserrea azaltzeko, goizeko hamaikak aldera Baionako suprefetura aurrean elkartu ziren dozenaka laborari. Hamabost traktore inguru eta Ipar Euskal Herriko esnetegietarako esnea biltzen duten lau zisterna-kamioi utzi zituzten errepide erdian geldirik, sei esnegilez osatutako ordezkaritza bat suprefetarekin bildu bitartean.
Egun, esnea 1974ko prezio berea ordaintzen zaie. Apirilean litroko 0,21 eurora jaitsi zen. Horren eraginez, esne-ekoizleen diru sarrerak %30 apaldu dira eta, aldiz, gastuek gora egin dute. Bide horretatik jarraituz, epe laburrean Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako behi-esne ekoizleen erdia desagertzeko zorian izango da, ELBren esanetan.
Duela aste batzuk izan diren negoziazioetan finkatutako prezioak ez dira, «aski, ezta urrundik ere». FNSEA sindikatuak hori onartu izana gogor salatu zuten: «Litroko 0,33 euro eskatzen hasi eta 0,28 euroko prezioa onartu dute erdi-isilpean egindako bileretan. Lotsagarria da».
Hori dela-eta, negoziazioak berrabiatzea exijitzen dute, gastuak kontuan hartuz, esnearen prezioa emendatzeko. Horrez gain, aniztasun sindikala errespetatzea eskatzen dute eta Confederation Paysanne-ko (ELB partaide da) ordezkariek negoziazioetan parte hartu behar dutela irizten diote.
Esne-politika aldatu
Bestalde, Gobernuari zuzenki dei egiten diote Europa aplikatzen ari den esne-politika aldatzen ahalegin dadin. «Laborariak desagertzera eta kontsumitzaileak zerga gehiago ordaintzera kondenatzen dituen esne-politika onartezina» da nekazaritza sindikatuaren aburuz. ELBren ustean, Europako barne merkatuak behar duen kopuruaren araberako produkzioa ziurtatu behar da eta ez soberakinak eragindako prezioen beherakadak herritarren zergen bidezko diru-laguntzekin estali.
Hortaz, ekoizpena mugatzeaz gain, «kuotak atxiki eta hobetu eta laborarien ogibidea eta beren jardueraren iraupena bermatuko dituen prezio onargarriak» finkatu behar dira.
ELBren ustez, laborariei ordaindutako prezioaren beherakada mundu osoko esne merkatuen eraginpean egotea «ez da bidezkoa». Kontrol publikoa izatea eta merkatua erregulatzea «ezinbestekoa» da.