GARA > Idatzia > > Kirolak

zaldi lasterketak

Hamabi jardunaldi izango ditu igandean hasiko den hipodromoko udako denboraldiak

GARA | DONOSTIA

Igandean hasiko dira Donostiako udako zaldi lasterketak. Bertan, irailaren 5a bitartean, milioi bat euro banatuko dituzte.

Denboraldia hamabi egunek osatuko dute, eta egun bakoitzeko sei lasterketa izango dira. Froga guztien artean, ezin aipatu gabe utzi abuztuaren 15ean jokatuko den Urrezko Kopa, nazioarteko mailako Le Defi du Galop zirkuituaren barruan dagoena.

Antolatzaileek -Donostiako Udala eta Foru Aldundia- atzo emandako prentsaurrekoan, abuztuaren 20an eta 27an sarrera doakoa izango dela nabarmendu zuten, krisi garaian zailtasun ekonomikoak dituztenek kale egin ez dezaten.

Iñaki Galdos Foru Aldundiko Kirol diputatuak lasterketek «turismoari eta diru sarrerei begira» duten garrantzia azpimarratu zuen. Bestalde, Udaleko ordezkari Marisol Garmendiak 94 urte bete berri dituzten lasterketa hauek goratu zituen «udako primerako denbora pasa» direla esanda.

Pello Urtasunek, antolatzailea eta zalditegiaren zuzendari denak, abuztuaren 15a nabarmendu zuen. 20.000 euro balio dituen Urrezko Kopaz gain -Udalak jarriko duena-, beste 40.000 euro banatuko dituzte saritan.

Udako zaldi lasterketei amaiera emateko, Donostia-San Sebastian Saria lortzeko lehiatuko dira parte hartzaileak. Hipodromoko lasterketarik zaharrenak Realaren Mendeurrena izena hartuko du aurten.

Omenaldia jasoko duten pertsonen izenak ere ezagutarazi zituzten: Maria Pilar Gomez eta Roman Martin. Biak zaldien munduari oso lotuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo