Udalei bidalitako aginduak azaltzeko eskatu du EAJk
GARA |
EAJren talde parlamentarioa Lakuako Herrizaingo Sailari zuzendu zitzaion atzo, preso politikoen argazkiak eta horien aldeko pintadak kentzeko aginduz Sail horrek hainbat udaletara bidalitako oharrak direla-eta. Maria Eugenia Arrizabalaga legebiltzarkide jeltzaleak zalantzan jarri zuen Rodolfo Aresek zuzentzen duen Sailaren jokabidea lege aldetik bidezkoa ote den, eta hainbat argibide emateko eskatu zion.
Adierazi zuenez, Ertzaintzak bidalitako agindu horiek udalerrien «autonomiaren kontrako esku-sartze» gisa har daitezke. Gainera, pintadak edota argazkiak kentzea Herrizaingo Sailaren ardura dela esan zuen, baita neurriak hartzea Ertzaintzaren erantzukizuna dela ere.
Ildo horretan, «arduraz eta lasaitasunez» jokatzeko eskatu zion Aresi. Udalek horrelako «gatazkei» aurre egiteko bitarteko gutxi dituztela kontuan hartzeko esan zion. Arrizabalagak Lekeitioko Udalak jasotako agindua soilik izan zuen hizpide, izan ere, EAJk osatzen du bertan Udalbatza. Hala ere, Antzuola eta Arrasateko udaletan antzeko aginduak jaso izan dituzte.
Bidalitako ohar horien bidez, Polizia autonomikoak Udalbatzei mehatxu egiten die, 24 ordutan pintadak, pankartak, kartelak edota euskal preso politikoen argazkiak kendu behar dituztela esanez. Izan ere, agindua bete ezean «terrorismoari gorazarre» egiteagatik salatuak izan litezkeela ohartarazten die Lakuako Herrizaingo Sailak.