GARA > Idatzia > > Mundua

Munduan diren «lurrikarak» aztergai dituzte G8koek L'Aquilako gailurrean

Klima aldaketa, Iran eta krisi ekonomikoa izango dira G8koek L'Aquilan jorratuko dituzten gai nagusiak. Goi-bilera horren aurrean, lehenengo protestak izan dira jada Erroman, eta italiar Gobernuak bertan jarritako poliziek dozenaka manifestari atxilotuta eraman dituzte.

GARA |

Hiru egunez izango dira G8koak bilduta, gaur L'Aquilan hasiko den gailurrean. Lurrikara batek L'Aquila probintzia astindu zuenetik hiru hilabete eskas pasatu direnean, munduko zortzi indar boteretsuenak bertan bilduko dira, egun pil-pilean dauden hiru gai jorratzeko. Klima aldaketa, krisi ekonomikoa eta Iran izango dira, hain zuzen ere, landuko dituzten puntu nagusiak.

Iranekin irekiko dute gailurra zortzi herrialdeek, gaur egingo duten afarian. Herrialde honetako programa nuklearra izango da, beraz, lehenengo saio honetako protagonista. Ipar-Koreak berrekin dituen misil-jaurtiketak ere izango dituzte hizpide.

Silvio Berlusconi Italiako presidenteak adierazi duenez, gailur honek konfiantza berrezartzea du helburu. Hala, egun munduak bizi duen krisialdi ekonomikoari irtenbideak bilatu, eta ekonomia suspertzeko bideak aztertuko dituzte. Pobreziaren adierazleak gora egiten ari diren garaiotan, G8koek herrialde horiekiko «gertutasuna» erakusteko beharra dutela gaineratu zuen Berlusconik.

Klima aldaketa izango da aztertuko duten hirugarren gai nagusia. Honen inguruan zientzialariek egin berri dituzten aurreikuspen kezkagarrien aurrean, G8koek berotze globala bi gradutara mugatzeko konpromisoa hartu beharko dute, horrela ondorio kaltegarriagoak saihesteko. Eztabaida honetan G5eko buruek, eta Australia, Indonesia eta Hego-Koreak ere parte hartuko dute.

Segurtasun neurriak

L'Aquilako milaka herritar kanpamentuetan bizitzera behartuta dauden bitartean, Italiako Gobernuak bermatu du jada G8ko kideen segurtasuna, beste lurrikararik gertatzeko arriskuaren aurrean. Hala, gailurra egingo duten tokian lurrikarak gertatzeko arriskurik ez dagoela ziurtatu du Gobernuak. Neurriak hartu dituzte, halere, edozein arazo izanez gero, estatu eta gobernu buruak bertatik atera ahal izateko.

Honen aurrean, L'Aquilako herritarrak haserre agertu dira, eta L'Aquila berreraikitzeko lanak hasi ez-eta, gailurra prestatzeko lanak baino ez dituztela ikusi adierazi dute. Era berean, gailurra dela-eta hartutako segurtasun neurri guztiek (bide mozketak, kontrolak...) egoera konplikatu dutela gaineratu dute, eguneroko bizimodua zailagoa bihurtu delarik.

Pobreziaren aurkako borroka arriskuan

Klima aldaketak pobreziaren aurkako borroka arriskuan jar dezakeela adierazi du Oxfam elkarteak, astelehenean argitaratutako txosten batean. Klima aldaketak eragingo dituen ondorioak, ekonomikoak baino, giza mailakoak izango direla gaineratu zuen elkarteak. Izan ere, elkartearen hitzetan, milaka bizitza arriskuan izan litezke fenomeno honen ondorioz.

Honela, klimak orokorrean izango duen bilakaerak elikaduran eragin zuzena izango duela nabarmendu, eta horrek gosetea areagotzea ekar lezakeela ohartarazi zuen Oxfam elkarteak. Elikagaien produkzioa -besteak beste, arroza eta artoa- Afrikako hainbat eremutan oinarrizkoa dena, %20 inguru gutxituko litzateke elkarte horrek eskainitako datuen arabera.

Bestalde, klima aldaketak gaitz tropikalen areagotzea ere eragingo du. Gaixotasun hauek uraren eta intsektuen bidez kutsatzen direla azaldu zuen Oxfamek, eta horrek milioika pertsonen kutsadura ekar lezakeela.

Klima aldaketak sor ditzakeen ondorio sozial eta ekologikoen aurrean, fenomeno honen aurka borrokatzeko beharra inoiz baino handiagoa dela ohartarazi zuen Oxfamek.

segurtasuna

Italiar gobernuak segurtasun neurri bereziak hartu ditu, gailurra babestu eta segurtasuna bermatzeko. Horretarako, 15.000 polizia ezarri ditu Erroma eta L'Aquilako kaleetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo