GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Salaketak gehitu direnez, zorrotz aritzen da Estrasburgo hautaketan

Europako Giza Eskubideen Auzitegiaz mintegi biziki interesgarria eskaini zuen atzo Joana Falxa, Zuzenbidean lizentziadunak, UEUko saioen baitan. Nazioarteko egitura judizial gehienak bezala, Auzitegi hori ere aski ezezaguna da herritarrentzat, askotan hizpide izan arren. Hutsune eta arazo ukaezinak gorabehera, «aitzinamendu garrantzitsuak» egin ditu, oro har, orain 50 urte abian jarri zenetik.

Arantxa MANTEROLA |

Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren (EGEA) funtzionamendua, gaien trataera, eskumenak, egituraketa, epaimahai edo salen osaera, erabakiek zenbateraino eragina duten estatuetan... Orain 50 urte sortutako Auzitegiak gaurdaino izan duen ibilbidearen funtsezko atalen errepasoa egin zuen Falxak. 1998an izandako birmoldaketa eta egun prestatzen ari diren egokitzapenak -14. protokoloa delakoaren bidez- ere aipatu zituen.

Urtetik urtera EGEAra jotzen duten herritarren kopurua gero eta handiago izaki, saletara (5 daude) heltzeko iragazkiak gero eta zorrotzagoak dira. Arazo horri nola aurre egin da protokolo horretan planteatzen den egokitzapenetako bat, indarrean jarri aitzin, dagoeneko hainbat kritika jasotzen ari dena, gainera.

Salaketen onargarritasuna ez ezik, ebazpenak emateko hartzen duen denbora eta egiaz bere erabakiak duten eragina ere maiz zalantzan jartzen dira.

Hala eta guztiz ere, Falxak uste du, arazoak arazo, 50 urteotan giza-eskubideen babesean sekulako aurrerapenak eman direla eta, 2001eko irailaren 11ko atentatuen ostean, segurtasunaren izenean egindako hainbat murrizketa EGEAk berak gehiago onartzen baditu ere, orokorki, duen funtzio bermatzailea betetzen duela: «Adibiderako, 1999z geroztik hainbat estatu kondenatuak izan dira tortura kasuengatik. Lehen tratu umiliagarri edo ankertzat hartzen zena, egun tortura gisa definitzera ere heldu dira».

MILAKA

Egun Europako Giza Eskubideen jurisdikzioa onartzen duten 47 estatuen kontrako salaketen kopurua izugarri emendatu da. 1992n, 6.456 aurkeztu ziren. Hamar urte geroago, berriz, 34.000. Salaketen %10 baino gutxiago onartzen dira aztertuak izateko.

Alderdien ilegalizazioari buruzko epaian zati «bitxiak»

Gai horretan aditua ez dela argi utzita, gaurkotasun itzela duen alderdien ilegalizazioari buruzko ebazpenaren irakurketa ere egin zuen Falxak.

EGEAko 5. Salak teknikoki segitzen duen metodologian oinarritu da. Alta, «harriduraz» hartu du salaketa aztertzerakoan erabili dituen argudiotan bere jurisprudentzia propioaren ohiko ildoari segitu ez izana, eta zenbait kontzeptu, esaterako, Euskal Herria «politikoki eremu minberakor (région politiquement sensible)» dela arrazoibiderik gabe, egintzat hartzea.

Sala hori osatzen zuten epaileen artean Estatu espainolekoa ad hoc izatea ere, deigarria egin zaion beste ñabardura izan da. «Beti egoten da salatutako Estatuko epaile bat, bertako legeria eta testuinguruaz azalpen zehatzagoak izatea behar bada. Kasu honetan ez da berez zegokiena egon, beste bat baizik». Epaile horiek ez dute Estatua ordezkatzen baina, gehienetan bere alde egiten dute. A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo