GARA > Idatzia > > Kultura

Bilboko udak reggae sustraiak azaleratuko ditu aurten ere, uztailean, Kafe Antzokian

Laugarrenez, hemen dugu lau eguneko Bilbao Reggae Roots Festival jaialdia, besteak beste, Alborosie, Pablo Moses, U Roy, The Ethiopians, Mr. T Bone eta Tokio Paradise Orchestra gurera hurbilduko dituena.

A. BILBAO | BILBO

Jamaikara joaterik ez duenari Karibeko irla Bilbora hurbiltzea otu eta hemen dugu berriro, laugarrenez, Bilbao Reggae Roots jaialdia, udako erritmo geldo eta beroak gozatzeko parada eskainiko digun lau eguneko festa.

Gaur bertan irekiko da festa Kafe Antzokian, Alborosieren parte hartzearekin. Italian jaio eta jamaikartua, reggae doinuak abesteko sekulako dohainak erakutsi eta musika mundua harritu duen gazteak «Soul Pirate» estreinako lana aurkeztuko du, Manu Chao edo Sizzla artista ospetsuekin lan egin eta gero. Adi Alborosierekin batera, jaialdiko irekieran parte hartuko du Novato & Mad Muasel bilbotar dancehall bikoteak ere, eta «Bumclap Teachers» aurreneko lana aurkeztuko dute.

Gazteen agerraldiaren ostean jamaikar beteranoek hartuko dute txanda bihar. The Canaries taldean jardundako Pablo Moses dugu bata, 1975ean «Revolutionary Dream» lan ezaguna plazaratu zuena, eta U Roy bizar zuria bestea (Jamaika, 1932). Ia bost hamarkada luzeko ibilbidea eginda, reggae eta rap doinuen aitzindari dugu The Originator eta The Godfather ezizenak mundu osoan zehar harrotasunez daramatzan morroia. Jaia luzatzeko gainera, The Revolutionary Brothers eta Aianai Selektah euskaldunen jarduna izango dugu gero, goizaldera arte.

Ostirala atseden hartzeko erabili ondoren, larunbatean jokatuko da jaialdiaren hirugarren txanpa, The Ethiopians taldearekin. Leonard Dillon (Jamaika, 1942) kantariak sortu zuen ska, rocksteady eta reggae taldea 1966an, Stephen Taylor eta Aston Morrisekin, hiruren ahotsetan oinarritua. 1991n taldea eraberritu ondoren, oraindik ere zuzenekoak jo eta jo ari da Dillon. Bilbon, Dubtonic Kru taldea izango du laguntzaile. Horiez gain, Mr. T Bone italiarraren The Young Lions taldeak irekiko du kontzertua, eta Bizkaiko Brixton Records zigiluan plazaratu «Strictly Live» diskoa aurkeztuko du.

Jaialdia gaur zortzi itxiko da, uztailaren 15ean, Karibetik baino Ekialde Urruneko irla batetik datorren Tokyo Ska Paradise Orchestrarekin. 1991n sortutako japoniar talde zoro eta festazalea ezaguna da gurean, aurretik ere zuzenean gozatu ahal izan ditugulako. Hamar lagunez osatutako taldeak «Wild Peace» hamabigarren diskoa argitaratu berri du.

Gero eta beroago

Bilbao Reggae Roots Festival jaialdiaz gain, Karibeko doinuek Bizkaiko bazter guztiak hartuko dituzte, eta uztailaren 18an, esaterako, Txapel Reggae jaialdi beteranoa izango da Armintzan, Deadly Hunta, Afrikan Simba, Errol Bellot eta Potatoren parte hartzearekin.

Uztailaren 24an berriz, eta Bilboko Kafe Antzokian bertan, Groundation taldeak joko du (21.30ean, 15/18 euro). Kaliforniar zazpikoteak reggae sustraietako doinuak gaurkotzen dihardu, sonoritate berri batez.

Fitxa

Gaur: Alborosie & Sheng Yeng Clan + I Eye + Novato & Mad Muasel.

Bihar: Pablo Moses eta U Roy

& The Free People Band + The Revolutionary Brothers Soundsystem + Aianai Selektah.

Larunbata: The Ethiopians eta

Leonard Dillon & Dubtonic Kru +

Mr. T Bone & The Young Lions.

Gaur zortzi: Tokyo Ska Paradise Orchestra.

Lekua: Kafe Antzokia (Bilbo).

Ordua: 21.00etan.

Sarrera: Egunekoa, 18/22 euro (gaur, 20/24 euro). Lau eguneko bonoa, 60 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo