GARA > Idatzia > > Euskal Herria

San Fermin 2009

Aurtengo ganadu ferian eguerdirako 659 abelburutik gora salduak ziren

Aurtengo ganadu ferian berrikuntzak izan dira, bai datari, bai lekuari, bai eta hornikuntzari dagokionez ere. Aurreko urteetan baino jende gehiago izan da eta salmentek ere espero ez bezala egin dute gora. Abeltzainek 1.400 abelburu inguru bildu dituzte bertan.

GARA |

Joan den urtean ganadu feria uztailaren 10ean ospatu zen; aurten, berriz, uztailaren 7ra aurreratu dute. Bigarren urtez Iruñeko Agustinos industrialdean egin da, eta 1.400 abelburu bildu dituzte. Eguerdirako horietatik 659 salduak ziren dagoeneko.

Udalak egindako balorazioaren arabera, onuragarria izan da feria uztailaren 7ra aurreratu izana, bai salmentei dagokienez, bai bertara gerturatu den jendetzagatik. Horrenbestez, hurrengo urteko feria ere egun horretan egingo dela adierazi dute. Erabilitako lekua ere berria da; aurten Eroskiko aparkalekua erabili dute eta badirudi onerako izan dela, bertan aparkatzeko leku gehiago baitago.

Hornikuntza

Guztira 230 korta prestatu zituen Iruñeko Udalak, eta, esan dutenez, eskas geratu ziren bertara eramandako abere kopuruarentzat. Egunerako dena prest egon zedin, Udaleko 10 langilek 900 hesi baino gehiago jarri zituzten, guztira 2.700 metroko hesia osatzen zuen ganaduarentzat prestatutako lekuak. 10 langile horiez gain, goiz osoan 8 langile aritu ziren bertan ziren baserritarren eta jendearen beharrak asetzen.

Bestalde, arduradunen esanetan, aurten osasun instalazioak ere hobetu dituzte, eta taberna ere jarri dute. Zaldi azoka da Iruñekoa; bertan zaldiak, moxalak eta astoak aurki ditzake bisitariak. Debekatuta dago beste edozein animalia eramatea eta salmenta. Lizentziarik gabeko salmenta ere debekatuta dago, beraz, ez dago edaria zein janaria nork bere kabuz saltzerik. Abereak azoka eremura gaueko hamabietatik aurrera sar zitezkeen eta goizeko zazpietan eman zioten hasiera ekitaldiari.

txoko guztietatik

Euskal Herriko txoko askotako abeltzainak hurbiltzen dira urtero ganadu azoka honetara. Aurten, 13 salmenta postu prestatu dira eta bertan larrukiak eta zalgurdiak eros zitezkeen, besteren artean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo