Kutxek gizarte ekintzari dirua kenduz indartu dituzte beren erreserba funtsak
Azken urteetan, aurrezki kutxek beren gizarte ekintzari ematen dioten irabazien portzentajea murriztu egin da, erreserba funtsen mesedetan. Horixe da Consumer Eroskik egindako azken ikerketak ondorioztatzen duena. Horren arabera, euskal kutxen artean Kutxa da gizarte gaiei gehien eskaintzen diena, eta Bilbao Bizkaia Kutxa kontrako muturrean kokatzen da. Inbertsioei dagokienez, Kulturak pisua galdu du eta osasunak eta gizarte laguntzak, irabazi.
GARA |
Euskal aurrezki kutxek, oro har, gizarte ekintzara bideratutako dirua murriztuz indartu dituzte beren erreserba funtsak. Esaldi honekin laburbildu du Consumer Eroskik finantza erakundeen gainean egindako ikerketa. Estatu espainoleko 21 aurrezki kutxek eta bost bankuk gizarte ekintzetara zenbat bideratzen duten aztertu du, eta Euskal Herriko kutxei dagokienez, ondorioztatu du iaz Kutxak bere irabazien %37,5 inbertitu zuela esparru horretan, Vital Kutxak %35,2, CANek %30,3, eta Bilbao Bizkaia Kutxak %26,7.
Ikerketaren egileek, erakunde hauetako guztietako memoria-txostenak eta urteko kontuak aztertu dituzte, eta galdetegiak bidali dizkiete Gizarte Ekintzako arduradunei. Azaldu dutenez, 2004an antzeko ikerketa bat egin zuen Consumer Eroskik, eta nabarmendu dute harekin alderatuta aurrezki kutxen txanponak «bi aurpegi» dituela. Izan ere, alde batetik, duela bost urte baino diru gehiago jarri dute azken urtean kutxek gizarte gaietarako, baina, bestetik, irabazten dutenetik ehuneko txikiagoa eskaintzen diote esparru horri.
Ondorioa, beraz, hauxe da: «Irabazi gehiago egon direnez, diru gehiago egon da Gizarte Ekintzarako, baina irabazi den horretatik lehen baino zati handiagoa eman zaie erreserba funtsei eta txikiagoa gizarte ekintzari».
Araudiak dioena baino gehiago
Ikerketak gogora ekartzen duen legez, 1992tik indarrean dagoen araudiak behartu egiten ditu aurrezki kutxak beraien irabazien erdia, gutxienez, erreserba funtsetan inbertitzera. Modu honetan, «finantzen osasuna eta kutxen etorkizuna» bermatu omen nahi ditu legeak.
Hau esanda, aipatzekoa da Euskal Herriko kutxek legeak ezartzen duen gutxienekoa baino gehiago jarri dutela erreserban. Kutxak, dibidez, 2007an irabazi zuenaren %62,5 eskaini zien erreserbei; Vital Kutxak, %64,8; CANek, %69,7; eta Bilbao Bizkaia Kutxak, %73.
Argi geratzen da, beraz, Gipuzkoako aurrezki erakundea dela 2008an gizarte ekintzara proportzioan kopuru handiena bideratu zuena. Jarraian datoz, hurrenez hurren, Araba, Nafarroa eta Bizkaikoak. Lau kasuetan, edonola ere, proportzioa Estatu espainoleko batez bestekoaren -%26- gainetik egon da.
Eroski Consumerrek, ildo honetan, BBKren kasua «esanguratsua» dela aipatzen du, eta nabarmentzen du gehien irabazi duen euskal aurrezki kutxa izanik ere [307 milioi BBK-k, 216 Kutxak, 168 CANek eta 71 Vital Kutxak], finantza erakunde bizkaitarra izan dela gizarte ekintzara bere irabazien proportzio txikiena bideratu duena.
2004an, aurrezki kutxek diru gutxiago itzuli zioten gizarteari zenbaki absolutuetan -125 milioi euro orduan eta 239 orain-.
Euskal Herrian lan egiten duten Estatuko beste erakunde handi batzuei erreparatuz, aipagarria da Caja Madridek bere irabazien %8,7 bakarrik eskaintzen diela gizarte ekintzei. La Caixak %18,7 ematen dio gizarte ekintzari, ikerketa honen arabera, nahiz eta atzo arratsaldean talde katalanak datu hau gezurtatu eta irabazien %25 ematen diola adierazi.
Gizarte ekintzara doan dirua zein arlotan inbertitzen den ere aztertu du Eroski Consumerrek.
«Kulturatik kendu, osasun eta gizarte laguntzara bideratzeko». Hauxe da ikerlariek ondorioztatu dutena, batez ere Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroako aurrezki kutxetan ikusitakoa nabarmenduta. Izan ere, Arabakoan kulturak pisu handiagoa izan du besteetan baino.
Horiek horrela, Kutxak Gizarte Ekintzako aurrekontuaren %57 eman zion iaz osasun eta gizarte laguntzari, besteak beste, Donostiako Onkologikoan egindako inbertsioan, BBK-k %50 eta CANek %49. Vital Kutxak, berriz, %20 baino ez zuen inbertitu osasun eta gizarte laguntzan.
Kutxa, CAN eta BBKri dagokienez, kulturak garrantzia galdu duela esan daitekeen arren, ezin esan daiteke arlo honek garrantzirik ez duenik, diru gehien jasotzen duen bigarren alorra delako: aurrekontuaren %30 hartzen du BBKren kasuan, %24,3 CANen kasuan eta %20 Kutxarenean. Vital Kutxaren kasuan, portzentajea %45ra heltzen da, eta kulturak jasotzen du inbertsioaren zati handiena.
Ondare historiko eta artistikoan ere inbertitzen du besteak baino gehiago Arabako aurrezki kutxak, bere aurrekontuaren ia laurdena, hain zuzen. Kutxak eta BBK-k, aldiz, %4,5 eta %1,5, hurrenez hurren, eta CANek %14,5 ematen dio esparru honi.
Hezkuntza eta ikerkuntza dira lau euskal aurrezki kutxek diru gutxien ematen dieten alorrak, %20ra ere ez baita iristen. Kutxark irabazien %19 inbertitu ziren arlo honetan; BBK-k %18 eman zuen horretarako; CAN-ek, %12; eta Vital Kutxak, %11.
Bilbao Bizkaia Kutxak 307 milioi euro irabazi zituen 2007an, eta 82 milioi eskaini zizkion gizarte ekintzari (%26,7); Kutxak, 216 miliotik 81 (%37,5); CANek, 168 milioitik 51 (%30,3); eta Vital Kutxak 25 milioi irabazitako 71tik (%35,2).