Uztailaren 18an hasiko da Eako Poesia Egunen seigarren edizioa
GARA | EA
Bizkaiko Ea herria prest da dagoeneko Poesia Egunen seigarren edizioari ekiteko. Herrijari Emon Arnasa kultur elkartearen bultzadaz eta herritarren ezinbesteko laguntzarekin, egitarau oparoa prestatu dute antolatzaileek. Horien hitzetan, «Eako Poesia Egunak ez dira jardunaldi akademiko hutsak. Trukerako egunak izan ere nahi dute, literatura zaleek, herritarrek eta idazleek elkarren berri izan dezaten. Horiek horrela, egitarautik kanpoko ekitaldiak egitarauaren baitakoak bezain interesgarriak dira», agertu zuten prentsa ohar baten bitartez.
Egitaraua
Hala, uztailaren 18an, goizeko hamar eta erdietan egingo den hitzaldiak emango die hasiera jardunaldi horiei. «Erosen urratsen atzetik: maitasuna eta sentsualitatea literaturan» izenburupean, Olga Novo ariko da hizlari lanetan eta erotismo eta literatura erotikoa izango ditu hizpide. Egun horretako egitaraua poesia irakurraldiek, bazkariak, tertuliek, antzezlanek eta Anariren kontzertuak osatuko dute.
Igandean, uztailaren 19an, goizeko hamaiketan egingo den hitzaldiak irekiko du eguna. «Sexua letra artean: erotismoa euskal literaturan» izenburua gaitzat hartuta, Igor Estankonak azken 40 urteetako euskal poesia erotikoa aztertuko du. Harekin batera Iratxe Retolaza ariko da, baina honek erotismoaren irudiak sortzean euskal poesiak gorputzaren zein errepresentazio erabili duen aztertuko du.
Horren ondotik, kalez kale ikusi eta entzun ahal izango dira Xabier Kaltzakortak hautatu dantza-kopla maleziatsuak. Halaber, Harkaitz Canoren irakurraldiaz gozatu ahal izango da bazkal aurretik, Talan. Natxituko bolatokian egingo den otorduaren ostean, arratsaldeko bostetan, Itxaro Bordak egingo duen irakurraldi musikatuak emango die amaiera jardunaldiei. Irakurraldia, Pier Paul Berzaitz, Esther Gabiola eta Uritze Lakaren musikarekin egingo da.