Euskal dantza tradizionala eta sorkuntza Iruretagoyenaren koreografian, «Aurrez aurre»
Idoia ERASO | LUHUSO
Gaur eskainiko da Luhusoko Harri Xuri aretoan Claude Iruretagoyenaren azken koreografia, «Aurrez aurre». Maritzuli Konpainiaren lan honek euskal kulturaren ezaugarria den desafioa du oinarri, aurrez aurrekoan. Horrela, euskal dantza tradizionalak hartuta, sorkuntza berria eskaintzen dute dantzariek.
Christine Grimaldi, Celine Duperou eta Jon Iruretagoyena, Clauden anaia, dira koreografiaren sortzaileak. Dantzariek ez dute soilik dantzaren mundua baliatzen, inauterietako zenbait dantza tradizionalen aberastasuna ere biltzen dute, estilo ezberdinetako koreografien artean loturak eskainiz. Sorkuntza honen berezitasuna egun oraindik bizirik dagoen herri dantzen ondarea baliatzean datza. Artistek euskal dantza eta barroko aurreko koreografien artean dagoen antzekotasunaren gainean jarri nahi izan dute arreta.
Kultur ondarea
«Hemen erabilitako bildumek posible egiten dute desafioak erkatzeko era askatzea, aldi berean gure kultur ondare handiaren beste irudi bat ematea ahalbidetzen du», azaldu zuen Claude Iruretagoyenak. «Aurrez aurre»n ikuslea dantza zahar ezberdinen uztarketaren barnean sartzen da, horrela kaskarot-martxak, euskal saltoek, jotek eta fandangoek bat egiten dute osotasun batean.
Lan hau Biarritzeko Maritzuli konpainiak jorratzen duen euskal tradizioen ikerketa zorrotzaren ondorio da. Sentsibilitate berezia erakusten dute oholtza gainean ezartzen dituzten proposamen koreografikoetan, eta halaber, dantzarien jantziei eskaintzen zaien detaile miresgarriengatik ere deigarria da oso.