GARA > Idatzia > > Euskal Herria

San Fermin 2009

Nafarroa Oinezen gunea ederki girotu zuten bertsolariek

 

p02_f02_98791.jpg

Izaro ARBILLA

Sustrai colina, Iñigo Olaetxea, Amaia Agirre, Ander Fuentes «Iturri», Igor Elortza eta Xabier Legarretak eskaini zuten atzo bertso saioa Nafarroa Oinezen gunean. Goizaldeko ordu bata jota hasi ziren eta ordubete iraun zuen. Gai ugari landu zituzten, haien artean eta lehena Eitb-ko mapa berria; ez zen harritzekoa.

«Entzun arren SanFermin/zeu zaitugu patroi/gidatu gure errimak/silaba artean otoi/bat Olaetxea, bi Legarreta, hiru Iturri lau Sustrayin/bost Amaia ta sei neu Elortza zazpi Sanfermin/ saio on bat nahi dut egin/kantatu sakon kantatu arin/ saio on bat nahi dut egin/ bertsozaleak goza dezan». Bertso honekin eman zuen ongi etorria Elortzak.

Agertoki aurrean hainbat aulki ilara ziren prestatuak jendea eser zedin, baina ez zen harritzekoa aulki hauek eguzkitan egonda erdi hutsik egotea eta entzuleak itzal bila aritu izana. Bertsolariek emandako ongietorrian islatu zen, Sustrai Colinak egindako agurrean: «Ezer baino lehen eguerdion/denak bildu ote dira/oso gogorra izanagatik eguzkiaren distira/itzaletan zin dabiltzan horiek/nola erakarri erdira/badaezpada guk emango dugu alborantza bira/bertso kantari egin nahi baitugu/publikoari begira» .

Denetariko gaiak

Lehenengo gaia, orain puri-purian dagoen EITB-ko eguraldi maparen ingurukoa izan zen; eguraldia, mapa berriarekin, aurkezteko casting-a. Iturrik bota zuen bertsoan argi utzi zuen: «...EITB dosen ez dut balio/hala onartu eta punto/ sorianoek nere erdara ez lukete ulertuko». Amaiak, berriz, honakoa: «...hautagaietan onena nintzen /hautatzaileen arabera/baina halare eskaintza bota behar det haizea hartzera/gure herria aldatzen bada haizearekin batera». Bikoteka irten ziren honen ondoren eta gaien artean, Amaia eta Olaetxeak bikotekidearena egin zuten gaia, aireportura heltzean, opor luzeak prestatzen aritu ondoren, Iñigok pasaportea iraungia dauka eta ezin du bidaiatu. Amaiak: «...aurretik banekien/baina ez nizun esan nahi». Iñigok: «...ezazu disimula, ez negarrik egin/ez zara gaizki egongo Brasilen bakarrik». Legarretak eta Elortzak, Armstrong eta Contador txirrindularien paperean kantatu zuten; bi oilo, oilategi berean. Sanferminen inguruan ere aritu ziren, Sustrai, uztailaren 14an ligatu ezinean, Amaia ostatu baten jabea eta beste guztiak bere langileak, Elortzak lau meza eman ondoren positibo eman zuen Iturri foralak egindako kontrolean, Paris-Niza poteoaz ere aritu ziren, enpresa afaria, kaleko pintadez...

Giro bikaina jarri zuten Takonerako parkean, arin aritu ziren eta agur bero batez agurtu zituzten bildutako entzuleak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo