Ukrainako, Errusiako eta Saharako umeak iritsi dira bigarren familia sentitzen dutenarekin elkartzeko
Umeek urtebetez itxaron dituzte udako oporrak eta azkenean heldu dira. Hala ere, denek ez dute gozatzeko eta ondo pasatzeko aukera izaten. Horregatik asko dira Euskal Herrian atzerriko haurrak , euren eguneroko errealitatetik aterata, udan bi hilabetez etxean hartzen dituztenak.
Oihane LARRETXEA
Urduritasuna, beldurra eta zalantzak, baina batez ere gogoa eta ilusioa dira gailentzen diren sentimenduak; denbora asko daramate zain. Gaur helduko dira Euskal Herrira Saharatik etorritako haurrak. Bi hilabete emango dituzte beraiena ez den etxe batean, beraiena ez den familia batekin, baina helburua hori da, hain zuzen etxean baleude bezala sentitzea eta ingurune berri honetan zoriontsu izatea. Hala ere, antolatzaileek familiak jakinaren gainean jarri dituzte: ezinbestekoa da haurraren amaren izena ikastea, eta hura erreferentziatzat izatea. Eragiketa sinple honen bidez umea errazago egokituko da egoera berrira. Gainerakoan aparteko gomendiorik ez. Haur bakoitza mundu bat denez, pixkanakako elkarbizitzarekin deskubrituko dira bakoitzaren berezitasunak.
Lehen hartu-emanak
Berezitasunez asko daki Mikel Prieto adunarrak. Aurtengoarekin hirugarren uda da Mykola hartzen duena. Ukrainan Txernobileko leherketa nuklearraren ondorioz erradiazioa dagoen herri batean bizi da, eta indarberritzera etortzen da Euskal Herrira. «Hasieran zalantza ugari daude, gure etxean gainera ez dago umerik eta ezjakinak ginen honetan. Orain semea bezala maite dugu, mendia, hondartza, bizikleta... denetarik egiten dugu elkarrekin. Herrian ere lagun piloa du, eta euskaraz primeran moldatzen da, guztiz bertakotuta dago, zoriontsua da». Agurraren gogortasuna aipatzen du Mikelek. «Nire negar bakarrak agurtzeko garaia iristean izaten dira, baina gogoz itxaroten dugu hurrengo udara». Banatzea gogorra izan arren, Txernobil Elkartetik urtean zehar harremana mantentzearen garrantzia nabarmentzen dute. «Guk beti dugu haurraren berri, eta berak gure berri, kontaktua hor dago», esan du Mikelek.
Beatriz Torresek ezer ondo ezagutzen badu, hori haurrak dira. Bi seme-alabaren ama izanik, hauek heldutakoan hirugarren bat adoptatu zuen. Orain lau uda Bikarte elkartearen bidez Errusiako mutil bat ekarri zuen. Zazpi urte zituen Mishak, eta bakarrik etorri zen. Esperientzia bai beraientzat bai umearentzat hain izan zen pozgarria hurrengo udan Andrei anaia ere etorri baitzen. «Nire helburua etxeko berotasuna ematea da. Han amonarekin bizi dira, eta izugarri maite dute elkar, baina familiaren oinarria erakutsi nahi diet», esan du Beatrizek. Gabezia ekonomikoez gain, gabezia emozionalak dituzten haurrak dira, horregatik, apur bat ematen zaienean, are gehiago da ematen dutena. «Elkarbizitza hau maitasun truke bat da azkenean. Nik honi bihotzarekin gimnasia egitea deitzen diot». Uda amaitzen denean agur esaten dioten arren, elkar ikusten ez duten bederatzi hilabeteetan astero hitz egiten dute. «Beraien amonak esaten digu telefonoaren alboan gure iganderoko deiaren zain egoten direla. Horrelakoekin ikusten dugu gure helburua bete dugula, baita beraiena ere».
Udako familia bigarren familiatzat sentitzen dute haurrek, baita familiak umea seme edo alabatzat. Garazi Murgialdaik hogei urte ditu gaur egun, baina txikia zenetik ikusi du bere etxean haur sahararra. «Hamar urte dira bi hilabetez umeak hartzen ditugula. Ahizpak bezala sentitu eta maite ditut. Aurten ez genuen hartu behar eta azkenean ezin izan genuen ezetzik esan». Hainbeste urteren ondoren udaz haratago doan harremana sortzen da, eta Murgialdai familiaren kasuan, noizean behin Saharara bisitan joaten dira. Gertuko lagun batzuk ere ekimen hau ikusita eta bizipena zein polita den ikusita datorren udarako animatu dira.
Bizipen hau lehen aldiz izango duenik badago, eta horien artean hain zuzen nagusitzen dira beldurrik handienak. «Niretzat hau guztia berria da», aitortu du Maider Salaberriak. «Ez hori bakarrik, izan ere, nik ez dut seme-alabarik, ezta ilobarik ere, beraz, nire ardurapean ume bat izatea guztiz esperientzia berria izango da. Nire zalantzak ilusioaren adinakoak dira». Maiderrek ere aspalditik zuen hau egiteko tentazioa. Lagun batek udaro mutiko sahararra hartzen zuen Oporrak Bakean programari esker, eta horrek gogoa piztu zion; azken unean, ordea, zalantza sortzen zitzaion beti. Aurten ezerk ez du atzera bota eta bi hilabetez amaren papera betetzeko asmo osoa du. «Benidormera joango gara oporretan haurrei bereziki zuzendutako hotel batera. Nire uda eta berea ere ezberdina izango da, bizipen berria izango da biontzat, eta elkarrekin biziko dugu».
Hala ere, askotan ez da erraza izaten horrelakoetan parte hartzea, lana eta oporrak askotan ez doazelako eskutik helduta. Maider, alde horretatik, zorionekoa da irakaslea baita, «beraz, bi hilabete oso ditut elkar ezagutu eta dibertitzeko», esan du pozik Maiderrek.
Denbora libreaz gozatzeko aukera du Jorge del Pinok ere. Bere emazte Gema Elosegirekin batera, gaur estreinakoz hartuko dute etxean mutil sahararra. Orain arte ez zuten inoiz horrelakorik egitea pentsatu, beraien lanbideek ere galarazi egiten zietelako: udako oporrak laburrak, eta kanpora joan etorriak maiz egin beharra. «Urtarrilean aurre erretiroa hartu nuen lanean eta orain nahi adina denbora dut nire zaletasunetarako», azaldu du Jorgek. Ez zuen orduan pentsatu handik gutxira hau guztia egingo zuenik. Kasualitatez familien beharra salatzen zuen albistea irakurri zuen egunkarian. «Jendearen eskuzabaltasun falta etorri zitzaidan burura, baina momentuan konturatu nintzen neu ere jendea nintzela, beraz, ez nuen bitan pentsatu». Geroztik gaurko eguna irrikaz itxaron dute. «Orain arte eroso egon gara, ez dugu seme-alabarik, beraz, familia biok ginen. Hau zen unerik aproposena. Umeari asko eskainiko diogu, baina berak guri ere ziur asko emango digula», esan du Gemak.
Asmo berberaz ekin zion Marian Alvarezek orain hamar urte Saharako haurrak jasotzeari. Seme-alaba helduak, eta etxetik alde eginak, umeek berez duten freskotasunaren falta nabari zuen. Lehenengo urtean ume bakarra ekarri zuen, eta geroztik binaka hartzen ditu. «Hamar urte hauetan bost neska izan ditut. Zazpi urterekin jaso eta hamabi urteak bete dituenik badut, hortaz, hazten ikusi ditut. Behin hasita ez dago gelditzerik».
Bizipenaren ordainsaria
Beatrizek tatuajeak egitearekin alderatzen du: «Behin egiten denean bigarren bat dator, urteak konturatu gabe igaro arte. Adikzio osasuntsuetan osasuntsuena da honakoa».
Batzuentzat lehen aldia izango da, beste askorentzat enegarrena, eta bigarren hauek berriei ongi etorria ematearekin batera jakinaren gainean jarri dituzte bizipenak merezi duela eta jasotzen dena ematen dena baino gehiago dela esanda. «Gure erosotasunetik haratago begiratu behar dugu. Ematen diegun gutxia beraientzat oso garrantzitsua da, indarberrituta bueltatzen dira etxera, eta garrantzitsuena, betirako oroitzen dute Euskal Herrian bigarren familiaren eskutik jaso duten maitasuna», esan du Alvarezek.
Krisi ekonomikoak arlo askotan eragin kaltegarriak izan dituen arren, haurren harrera kopuruan ez du garrantzizko ondoriorik izan.
Ekimen honetan parte hartzen urteak daramatzaten familiek aurten ere betiko moduan egin dute. Elkar ikusteko gogoak eraginda, inork ez baitu atzera egin. Txernobil Elkartetik, berriz, aipatu dute zailtasun handiena umeak lehen aldiz hartzeko prest dauden familiak topatzeko orduan izan dutela, egoera ekonomikoaren eraginez.
Bestalde, Bikarte eta Oporrak Bakean elkarte eta programetatik jendearen konpromisoa handitu dadin eskatzen dute, «ume asko ekarri arren, beti ekarri daitezkeelako haur gehiago».
Halere, aurtengo edizioarekin zoriontsu eta gogo handiz agertu dira antolatzaile eta koordinatzaileak. O.L.