GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Harri-jasotzea Nafarroako finala

Unai Bertizek oraingoan ere beretzat hartu du txapela

Sunbillakoa zen txapelduna eta faborito nagusia, eta ez zuen hutsik egin. Hasieratik hasi zen zuloak irekitzen, eta amaieran sei jasoaldiren aldea kendu zion bigarrenari, Josetxo Urrutiari, alegia.

p044_f01_43910.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Unai Bertizek irabazi zuen Nafarroako Harri-jasotze Txapelketa. Sunbillakoa zen egungo txapelduna, eta ez zuen aparteko arazorik izan berriro ere txapela eskuratzeko.

Hiru kirolari neurtu ziren, eta bakoitzak 125eko zilindroa, 112,5eko kubikoa eta 100eko bola izan zituen lanean aritzeko. Bakoitzarentzat, berriz, bina minutuko txandak izan zituzten. Bertizek lehen txandatik ekin zion zuloak egiteari. Zilindroari 23 jasoaldi eman zizkion, Urrutiak baino bat gehiago. Igoak 17 eman zizkion.

Horren ondotik kubikoaren txanda heldu zen. 13 aldiz berdindu zuen harria bizkarrean Bertizek, eta bina jasoaldi kendu zizkien Urrutiari eta Igoari, hauek hamaikana egin baitzituzten. Azkenik, bolarekin, aldea handitu egin zuen. 17 jasoaldi eman zizkion Bertizek, 14 Urrutiak eta 12 Igoak.

Orotara, Bertizek 53 jasoaldi egin zituen (6.037,5 kilo), bigarren Urrutia izan zen, eta honek 47 jasoaldi egin zituen (5.387,5 kilo), eta azken postuan, berriz, Igoa geratu zen. Honek 40 jasoaldi egin zituen (4.562,5 kilo).

Aizkoran, Nafarroako hirugarren mailako kanporaketa jokatu zen. Bakoitzak bina kana-erdiko moztu behar zituen. Irabazlea Ruben Saralegi izan zen (3.27), bigarren Pellejero (4.02), hirugarren Castro (4.04), laugarren Kañamares III.a (4.17) eta bosgarren Beltza (4.23). Bost hauek jokatuko dute finala. Seigarren Vazquez (4.29), zazpigarren Eraso (4.37), zortzigarren Resano (4.56), bederatzigarren Olano (5.09), hamargarren Eneko Saralegi (5.26), hamaikagarren Pikabea (6.14), eta azkena, berriz, Perez de Villarreal (8.05). Txapelketa honetako aizkolaririk gehienak gazteak dira, eta hori dudarik gabe, oso berri ona da kirol honentzat.

Ruben Saralegi, berriz, saio hau irabazteaz gain, txapela Bereganatzeko ere faborito bihurtu da. 19 urtetik beherako Urrezko Aizkoran ere lan bikaina egin zuen, eta orain herrialdeko lehiaketan ere jauzi bat egin nahi du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo