GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Inazio Agirre Arregi Ezker abertzaleko kidea

Tokitan

Gaur egungo EAEko Gobernu berriak ez du euskara erabiltzeko mugak deuseztatzeko borondaterik eta muga berriak inposatzera dator

Euskaraz bizi den Euskal Herria gauza ona da Euskal Herriarentzat, Europa eta munduarentzat. Ez du arriskuan jartzen ez norberak duen erdara, ezta erdal hiztun komunitateen iraupena ere euren lurraldeetan. Denon giza duintasuna babesten du eta kultur aniztasuna sustatzen du. Unescok honela dio: «Kultur aniztasunaren defentsa inperatibo etikoa da, pertsona orori zor zaion errespetutik bereizi ezina». Eta Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsalak dioenez, berriz, hizkuntz komunitate guztiek eskubide berdinak dituzte. Euskaraz bizi den Euskal Herria berreskuratzea, beraz, egokia, bidezkoa eta guztion garaipena da. Ez da inposizioa, denon lorpen demokratikoa baizik.

Duela 500 bat urtetik hona, ordea, nazionalismo espainiarraren eta frantziarraren helburua da euskaldunak kulturaz deserrotzea eta asimilatzea, Euskal Herria menderatzeko. Gaur egungo EAEko Gobernu berriak ez du euskara erabiltzeko mugak deuseztatzeko borondaterik eta muga berriak inposatzera dator:

Ordenantzak. Aho batez onartu arren, PP eta PSOE barne, udal euskaldun askoren euskararen udal ordenantzak baliogabetzen dituzte. Azpeitikoa azkena. Espainiako Konstituzioaren eta horren interpretazio espainiarraren menpean, bide juridikoak ukatzen du.

Euskal Herri euskalduna. Bi hizkuntzak ofizialak dira, baina maila ezberdinean. Espainiera derrigorrezkoa da eta euskara borondatezkoa.

Hezkuntza. Azken 30 urteotan, 400.000 ikasle atera dira euskaraz bizitzeko gaitasunik gabe, eskola aldia bukatuta; eta, gaur egun, ikasleen erdia baino gutxiago euskalduntzen da eskolaren bidez. Halere, Celaak baztertu du porrot egin duten ereduak erreformatzea. A eredua indartuko du euskalduntzen duen D ereduaren ardatza saihesteko eta espainiera inposatzen jarraitzeko. Hori ez da elebitasun integratzailea, Euskal Herria desintegratzea baizik. Euskaraz ez dakitenek biziko diren bospasei hamarkadetan, euskaraz egin gabe eta ulertu gabe, erdara inposatuko baitute sartzen diren harreman sare guztietan.

Administrazioa. Osakidetzan euskara ez eskatzeko asmoa iragarri dute. Lanpostu gutxitan eskatzen da euskara eta eskatzen denetan ez da betetzen. Jarrera diskriminatzaile hau ohikoa da. Administrazioko edozein lanpostutara heltzeko espainiera erabiltzea ezinbestekoa bada, euskara ere bai.

Horrela, nola berma daitezke euskarazko harremanak, administrazio zerbitzu egokiak eta euskalduntze prozesua aurreratzea? Euskararen osasuna eta osotasuna berreskuratzea idealismo hutsa da. Euskararen erabilera soziala ez da hazten. Komunitate euskalduna ez da berrosatuko, desintegratu baizik.

Herritasuna. Euskal Herriak zazpi herrialdeetako herritar guztiak eta bere jardun-gune sozial guztiak hartzen ditu. Euskararen geografia aipatu du Urgellek. Baina horrek ez du esan nahi Euskal Herriko hesi administratiboen gainetik hizkuntz politika nazionala, integrala eta bateratua bideratzea nahi dutela; Euskal Herriaren errealitatea urtzea baino: Zapaterok agindu zuen Euskal Herria hitza euskal curriculumetik kentzeko; Lopezek kendu du Lehendakaritza hartzeko formulatik; ETBko eguraldi mapatik kendu dute; eta, sarritan, izan ez dela ere badiote. «Afirmar que jamás ha existido el pueblo vasco como entidad política que recogiera a todos los que hablaban euskara es una afirmación gratuita que desconoce la realidad histórica de Sancho el Mayor de Navarra» (Orella katedratikoak).

Hizkuntz politika. Urgellek «Euskara 21» egitasmoko oinarriak aldarrikatu ditu. Baina oinarri horiek ez dute apusturik egiten euskara Estatuen asimilaziotik ateratzeko; irizpide eta printzipio unibertsalak aplikatzeko; munduko herritarren eta hizkuntz komunitate guztien arteko berdintasuna bideratzeko. Adostasun politikoa ezinbestekoa da, baina bera bakarrik ez da nahikoa euskarak aurrera egin dezan. Horretarako, gutxieneko marra soziolinguistikotik gora jardun behar du. Eta menpeko hizkuntz politikaren oinarri adostu horiek ez dute balio herritar eleaniztunezko Euskal Herri euskalduna lortzeko, minimo soziolinguistikoen azpitik gelditzen direlako.

Euskara berreskuratzeko politikak lortu behar du herritarrak beren jardun-gune sozialetan euskaraz errotzea, euskaraz bizi den Euskal Herri euskalduna bermatzea eta Europako estatuen hizkuntz ofizialen maila berean euskara jartzea. Denok eskubide, betebehar eta aukera berdinak izan ditzagun. Hori gabe, hizkuntz komunitatea berrosatzea ezinezkoa da, zulodun pitxarra urez bete ezin den bezala.

Blokeoa. Ezker abertzaleak Bizkaiko Batzar Nagusietan aurkeztu du Euskararen Normalizaziorako Foru Arauaren proposamena. Baina EAJk, PSOEk eta PPk elkar hartuta baztertu dute tramitera onartzea eta eztabaidatzea. Menpeko hizkuntz politikak ez ditu euskaldunen beharrak asetzen, ez eskubideak aitortzen eta ez Euskal Herria errespetatzen. EAJren eta PSOEren azaleko ñabardurek ez dute 30 urteotako funtsezko batasuna eragozten. Biek ala biek doktrinamendu ideologiko indartsua gauzatu dute elebitasun desintegratzailea erabiliz, euskal jendearen buruak kolonizatzeko, Euskal Herri euskaldunaren osotasun iraunkorra suntsitzeko.

Indarrak biltzeko garaia da. Alderdiek eta eragile sozialek beren estrategiak argitzeko unea da; azaldu behar dute zein den beren proiektua; urrats hori eman behar dute, batez ere, ezkerreko estatu independente euskalduna sortu nahi duten guztiek. Erabakia hartu behar dugu beharrezko baldintzak sortzeko, herritar guztiek euskara jakin dezaten, euskararen erabilera soziala atxiki dadin eta iraun dezan zazpi herrialdeetako jardun-gune soziofuntzional guztietan. Gure ereduak euskal herritarren eleaniztasuna eta Euskal Herri euskaldunaren iraunkortasuna bermatu behar ditu, berdintasunezko kultur aniztasun globalaren baitan. Euskararen Herria arriskuan jartzen dutenek, Euskal Herria ez ezik, munduko kultur aniztasunaren zati bat ere arriskuan jartzen dute. Tokitan gelditzen dira tolerantzia, pluralismoa eta berdintasuna. Tokitan, gure eskubide nazional eta demokratikoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo