GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

AIZKORA Nafarroako Binakakoa

Mindegia eta Lopez iaz lortutakoari eusteko gai izan dira

Finala segundo bakar batek erabaki zuen, Nazabal eta Barberena gainean izan baitzituzten. Larretxea eta Senosiain, ongi hasi, baina azken izan ziren.

Jon LEUNDA | IRUÑEA

Miel Mindegiak eta Juanjo Lopezek eutsi egin zioten atzo Iruñeko Foruen enparantzan jokatu zen Nafarroako Binakako Txapelketako txapelari. Iaz bezalaxe, aurten ere eurak izan dira onenak, nahiz eta amaieran estu eta larri izan ziren, kolpe baten sartu baitziren Nazabal eta Barberena.

Jendetza batu zen atzokoan ere saioa ikustera. Gainera, atzoko final hau zen aurtengo herri-kirol jaialdietako izarra, eta zaleek gozatu egin zuten, emozioa azken kolpera artekoa izan baitzen. Hiru kirolari lehiatu ziren, eta bakoitzak sei kana-erdiko eta beste horrenbeste 60 ontzako erdibitu behar izan zituen.

Larretxea eta Senosiain gogor hasi ziren, eta lehen bost enborretan beraiek izan ziren nagusi. Hor epaia itxi zitzaien, gero, adarren bat edo beste ere izan zuten, eta akabo, beherantz egin zuten, eta ia lehen zati osoan lehen postuan aritu ostean, azkenak amaitu zuten.

Bosgarren enborretik aurrera, beste bi bikoen arteko dema hasi zen, eta lan erdietan Nazabal eta Barberenak hartu zuten aurrea. Hortik aurrera, bi biko horiek parean aritu ziren, batzuetan batzuk, hurrena besteak aurretik, eta azkeneko kolpera arte ezin izan zen ezer erabaki. Eta amaieran bertan ere gauzak doi-doi izan ziren, baina Mindegiak eta Lopezek kolpe bat aurretik bota zuten enborra, eta iaz lortutako txapelari eusteko modua egin zuten horrela.

Hirugarren, eta dezente atzeratuta amaitu zuten Larretxeak eta Senosiainek. Zaleek, nolanahi ere, amaieran txalo zaparrada handia eskaini zieten denei, lan ederra egin baitzuten, eta batez ere emozioagatik, horixe izaten baita zaleek nahi izaten dutena, eta atzokoan hortik soberan izan zen. Izan ere, zaila izaten da txapela segundo bakar batek erabakitzea, baina atzokoan horrelaxe izan zen, eta zaleek hori ederki eskertu zuten, nahiz eta txapeldunek aukeran nahiago izango zuten alde handiagoarekin eta lasaiago irabaztea.

Gaurkoa

Sanferminetako jaiak amaitzeko bi egun besterik ez dira geratzen, eta bi egun horietan ere ez da herri-kirol jaialdirik faltako, eta saio erakargarri askoak ere izango dira, batez ere biharkoa.

Bihar bi aizkolari beterano arituko dira nor baino nor: Miel Mindegia eta Joxemari Mendizabal. Lehenengoak kanako enbor etzana moztu beharko du, eta bigarrenak, berriz, bi oinbiko izango ditu aurrean, baina zutik. Dudarik gabe, saio honek ikusmin handia piztu du. Mindegiaren sasoi maila ikusi besterik ez dago, atzo bertan irabazi baitzuen Binakakoa. Larretxearen aurkako apustua ere egina dauka, eta bikain dagoela erakutsi du.

Mendizabal bera ere ongi dago. Marka ezarri berria du 80 ontzako bi enbor zutik mozten, eta urtearen amaierarako beste markaren bat edo apusturen bat egiteko asmoa iragarri du. Biek nahiko dute daukaten guztia eman. Hauez gain, neska aizkolariak ere izango dira bihar eguerdian, baita Ikusgarri taldea ere, motozerrarekin irudiak egiten.

Gaur ere saioak izango dira, eta Kañamares anaiak, eta Koxe Bikondoa arituko dira zaleak gozatzeko asmoarekin. Arpana, trontza eta motozerra izango dira horien lanaren protagonistak. Saioak, eguneroko moduan, 12.00etatik aurrera jokatuko dira, Foruen enparantzan.

Gohierrik 580koan ere ez du barkatu, eta lehen saioa bereganatu du

Goiherrik ez du barkatzen, garbi dago gainerakoen gainetik dagoela, eta atzo ere horixe erakutsi zuen: 580 kiloko lehen jardunaldian ere onenak izan dira.

Bizkaitarrek saioko tiraldi guztiak bereganatu zituzten. Bigarren Gaztedi sailkatu zen bakarrik Goiherrirekin galduta. Hirugarren postuan, aldiz, Mutriku sailkatu zen; ondotik, Getxo, laugarren, eta Goiherri B azken.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo