GARA > Idatzia > Kirolak > Mendia

ESKALADA Istripua

John Bachar bakarkako eskalada libreko ikurrak marra gainditu du

Hil honen 5ean zendu zen, Dike Wall-en (Kalifornia, AEB) sokarik gabe eskalatzen ari zenean. 70eko hamarkadako eskalatzaile garrantzitsuetarikoa izan zen, batez ere bere estilo eta etikagatik.

p041_f01_34653.jpg

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

John Bacharren kide Andrew Stevensek berak baieztatu zuen berria: «Mammoth-eko paretan eskalatzen ari zela, erori eta zendu den bertako eskalatzailea, John zen». Ohikoa zen jarduera batean hil da, bakarkako eskalada integrala (sokarik gabe) egiten ari zenean. Bere ibilbide osoan indarrean jarritako estilo horrengatik oso ezaguna egin zen Bachar.

51 urte zituen, eta atzean utzitako arrastoa ahaztea zaila izango da. Izan ere, 7oeko hamarkadako eskalatzaile entzutetsuenetarikoa izan zen; Amerikako Estatu Batuetan, batez ere, ikurra izan zen. Eskalada librearen, boulderraren eta bakarkako eskaladaren ikurra.

Ron Robinsonek argi zuen Bachar nor zen: «Kirol bakoitzean atleta eta mito asko daude. Eta eskalada libreko zein sokarik gabeko bakarkako eskaladan bi izen horiek jasotzen zituen gizabanako bakarra John da. Polemikoa eta zorrotza zen, eta beti mugan bazebilen ere, bazekien ondo neurtzen. 5.11 (6c) eta 5.12 (7a) existitzen ez zirenean eskalatzen zituen, eta eskalada tradizionalari uko egiten zion. Ibilbideak bere etika markatu zuen».

Bachar, John Long kidearekin batera, Jim Bridwellen ikasle aurreratuenetarikoa izan zen. Long-ek, bestalde, honakoa dio: «Inoiz ez dut John bezalako eskalatzaile bat ezagutu eta inoiz ez da beste John bat jaioko». Peter Croftek ere ondo ezagutu du zendu berri den eskalatzailea: «Yosemiteko erreferentzia zen, eta, egindako jarduerengatik, John eskalatzaile bat baino gehiago zen. Geure belaunaldiko eskalatzaile onena izan zen».

Zerrenda handia

Inolako zalantzarik gabe, Bacharrek asko eman zion bere garaiko eskaladari. Bere lagunek ondo adierazi duten moduan, eskalatzaile estatubatuarrak etika eta nortasun berezia zuen. Yosemiteko Camp 4 historikoko partaidea izan zen, eta bailarako paretetan zein blokeetan jarduera bikainak eta, ziur aski, denboran aurreratuak sinatu zituen. 1978an, adibidez, Yosemiten hain ezaguna den «Midnight Lightning»en (V8) lehen igoera poltsikoratu zuen Ron Kauk-ekin batera.

Eta paretan, berriz, «Kauk» kidearekin batera, 1975. urtean «Astroman» bidea eskalatu zuen; garai hartan paretan egin zen eskalada libreko munduko biderik gogorrena.

Baina, ezbairik gabe, bere 40 urteko ibilbidean estilo batek hartu zuen indar handia: bakarkako eskalada integralak. Eta hori guztia, beti, bai beti, era askean. Garai haietako eskalatzaile asko ahoa bete hortz utzi zituen, estilo hori 70ko hamarkadan erabat iraultzailea baitzen. Estilo horretan haren atzetik jarraitzeko gai zenari 10.000 dolar eskaini zizkion. Erronka ez zuen inork hartu; «bihurri» jokatu zuen.

Ez dugu ahaztu nahi ere Bacharrek Croft-ekin batera Yosemiten egindakoa: «Nose» (Kapitan) eta «Regular» (Half Dome) 14 ordutan.

Eta 1981. urtean sinatutako «Bachar-Yerian» bidearen lehen igoera? Wolfgang Gullich burumakur atera zen marra horretatik.

ibilbide oparoa

John Bacharrek 40 urte egin ditu eskalatzen, eta, batez ere, bi estilo aldarrikatu ditu: bakarkakoa eta librea. Yosemiteko paretetan zein blokeetan, adibidez, jardun bikainak egin zituen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo