New Orleanseko piknikak ireki zuen atzo, ohi legez, Gasteizko Jazzaldia
GARA | GASTEIZ
Azken urteetan legez, New Orleanseko piknik batek ireki zuen atzo arratsaldean Gasteizko Jazzaldia. Aurten baina, eta aurrezteko asmoz, egoera ekonomikoak Mendizorrotzara aldatu du festa hasiera, Armentiako zelaietan izan beharrean.
Gasteizko 33. Jazzaldia datorren larunbata bitarte ospatuko da Arabako hiriburuan, eta Mendizorrotzan izango du oholtza nagusia.
Atzo Lillian Boutte, «New Orleanseko musika enbaxadoreak» izan zuen Jazzaldia abian jartzeko ardura, eta berarekin batera The Dirty Dozen Brass Bandek ere jo zuen, bertara bildutakoak funk eta bebop erritmoetan dantzaraziz.
Gaur bere bideari jarraituko dio Jazzaldiak, eta «Gospel Gaua» berreskuratuko du The Blind Boys of Alabama eta John Scofielden parte-hartzearekin, azken hau Piety Street taldearekin arituko dela. Bihar, asteartea, berriz, Lee Konitz, Brad Mehldau, Charlie Haden eta Jorge Rossy musikari entzutetsuek osatu laukotearen jarduna izango dugu. Baita Jimmy Cobb bateria-jotzaile ezagunaren taldearena ere.
Jaialdia erdigunera helduko da uztailaren 15ean, asteazkena. Diego Amadorren boskotea, Javier Colinarekin, eta Path Metheny gitarra-jotzaile izarra, Charlie Haden kontrabaxuarekin batera, izango ditugu bertan entzungai. Ostegunak ere proposamen erakargarria egingo du, eta bitxia oso. Hiru baxu-jotzaile izango dira Mendizorrotzan elkarrekin: Stanley Clarke, Marcus Miller eta Victor Wooten. Beraiekin batera, Stefano di Battista saxo-jotzailearen laukotea.
Omenaldiak
Uztailaren 17an bertan, Billy Holliday abeslari handia zendu zeneko 50. urtemuga dugu, eta jaialdiak omenaldia eskainiko dio Madeleine Peyroux eta Dee Dee Bridgewaterren parte-hartzearekin.
Musika larunbatean isilduko da, Gasteizen oso maite duten tronpeta-jotzaile baten bisitarekin. Wynton Marsalis dugu bera, Lincoln Center Jazz eskolako orkestrarekin, eta Chano Dominguezen laguntzarekin, hiriari eskaini «Vitoria Suite» grabatuko baitu zuzenean.
Gainera, izarrak alde batera utzita Principal antzokiak oso talde interesgarrien bisita hartuko du, eta gauerdian ere izango da zer entzun eta dantzatu Canciller hotelean, besteak beste.
Lekua: Mendizorrotza, Principal antzokia eta Canciller hotela (Gasteiz).
Data: Atzo hasi eta datorren larunbatera, uztailak 18ra arte.