Euskaltzaindiaren webguneak hobekuntzak egin berri ditu
GARA | BILBO
Euskaltzaindiak eskaintza berri eta berrituak jarri ditu www.euskaltzaindia.net webgunean eta «Euskera» agerkariaren Interneteko hemeroteka hobetzeaz gain, webgunearen Iker eta Jagon atalak ere berritu egin ditu.
1980 eta 2004 artean argitaratutako 2.296 artikulu lehendik zituzten digitalizatuta, eta Interneten eskuragai. Orain, artikulu horiei OCR (Optical Character Recognition, euskaraz, karaktere-ezagutze optiko) teknika aplikatu zaie, eta horrela, bertatik testua eskuratzea errazagoa da webguneko bisitariarentzat. Gainera, bilaketak egiteko euskarri hobea eskainiko du hemendik aurrera.
«Euskera» agerkaria Euskaltzaindiaren aldizkari ofiziala da, 1919. urtean argitaratzen hasia. Bi etenaldi izan ditu: 1938-1952 eta 1954-1955. Akademiaren lan eta agiriak jasotzen ditu, eta orobat, hainbat egileren artikulu eta txosten akademikoak.
Bestalde, webgunearen Jagon eta Iker sailetan dauzkan argitalpen digitalen eskaintza berritu eta ugaritu du. Izan ere, gaurtik aurrera, lehendik zeuden lanei beste hogeita hamasei argitalpen gehitu dizkiete, Internet zaleek eskuragarri dituztenak.
Sarean jarri berri diren argitalpenei so eginda, Iker sailari dagokionez, nabarmentzekoa da, hiztegigintza arloan Aita Pierre Lhande-k egindako hiztegia, 1926ko edizioa. Gramatikari dagokionez berriz, Resurreccion Maria Azkuek 1925ean argitaraturiko «Morfologia Vasca» da aipagarriena.
Dialektologian, Louis Lucien Bonaparte printzeak euskaraz argitaraturiko ia lan guztiak biltzen dituen «Opera Omnia Vasconice» argitalpena aurki daiteke, faksimilean.
Literatura arloan, «Euskararen Lekukoak» bilduma osoa, euskara eta euskal literaturaren historia ikertzen laguntzeko oinarrizko testuen bilduma dago ikusgai.
Bukatzeko, Jagon saila aipatu behar. Hemen, soziolinguistika alorreko lan batzuez gain, euskararen erregistroen trataera lantzen duen Jagon bildumako 6. zenbakia -«Zenbait orientabide erregistroen trataeraz»- erabiltzaileek eskura izango dute aurrerantzean.
Gainerakoak
Horietaz gain, Euskaltzaindiaren webguneak erakundearen eta bertako partaide eta historiaren berri ematen du, hizkuntza kontsultak egiteko aukera eta Azkue Bibliotekan arakatzekoa, besteak beste.