GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Dramaren gainean, komeria

Erbestean, Uigur Kongresuak eta Turkiako agintariek «uigurren aurkako genozidioa» salatzen jarraitu dute, beste inork aintzakotzat hartzen ez dituen ehunka hildako ezezagunen itzalak haizatuz

Urumqiko hildakoak, zaurituak, atxilotuak, kalte materialak,... bene-benetakoak izan direla hain ziur ez banengo, propaganda lehiaketa bateko ikuslea edo telebistako reality show politiko baten ikusle erdi lokartua izan naizela sinetsi beharko nuke. Baina azken hamar egunetako egunkari zaharrak gainbegiratu, Interneten sartu-irten bat egin, eta ez dago zalantza handirik: egiazki izan dira Xinjiango Urumqin aurtengo uztailean 184 hildako, 1.680 zauritu...

Zergatik orduan honenbesteko isiltasuna hamar egun geroago? Ez ote du gertakariak hausnarketa pitin bat merezi, gutxienez? Iazko martxoan Tibeteko istiluek, ia hamar bider biktima gutxiagorekin, zenbateko hizpidea eman zuten ahaztu egin ote zaigu? Txinako agintariek iragarritako exekuzioen irudien zain geratzea besterik ez ote zaigu tokatzen?

Honelakoak suertatzen dira dramaren gainean komeria bat antzezten denean. Uztailaren 5eko arratsaldean Xinjiango hiriburuan bizpahiru ordutan sarraski latza jazo eta berehala, Mendebaldeko hedabide gehienak eta arduradun politiko ia guztiak Txinako agintariei kargu hartzen hasi ziren, «errepresio basatiagatik». Polizia indarrek dozenaka manifestari uigur akabatu zituztela zen kontakizuna, gaingiroki. Zintzoen eta gaiztoen pelikula bat gehiago. Eta, hainbesteko unanimitatearen aurrean, egia hor nonbait ibiliko zela pentsa zezakeen edonork. Uigur herriak jasotzen zituen laguntasun mezuetako askoren ezohikotasunagatik izan ez balitz. Eta informazio zuzentxoagoa eskura izan ohi dutenek (Etxe Zuriak edota Foreign Office-ek, adibidez) zerabilten hizkera kriptikoagatik («alde biei» deika, batetik; «bakea eta ordena berrezartzeko agintarien ardura» eskatuz bestetik) izan ez balitz.

Laster amaitu zen komeria, eta agerian geratu zen drama biluzia. Komunikazioaren arloan ere iazko gertakarietatik ikaskizunak aterata daudela erakutsi zuten agudo Beijingo agintariek: biktimen balantze sinesgarria, irudiak, bertaratzeko aukera kazetari atzerritarrentzat... Eta agerian geratzen zenak ez zuen hasierako kontakizun haren antzik: gatazka etniko bortitza edo pogromoaren izena eta izana errealitatetik askoz hurbilago leudekeela esan daiteke. Gutxiespenak suminarazitako uigurrak, gehiengoak eta «aberastasunak» harroarazten dituen handarren aurka... Eta erdian (baina bigarrenengandik askoz hurbilago), lau mila kilometroko jauzia emanda ihes egin dion sua nola itzali ez dakien erregimen autoritarioa, sobera duen indarraren erabilpenak noraino balio dion asmatu nahian. Eta, agian, «Harmoniaren Gizartea» eraikitzeko zenbat korapilo geratzen zaizkien kontuak ateratzen. Gaitzerdi L'Aquilako egonaldia laburtzeko balio izan ziola Hu Jintaori.

Erbestean, Uigur Kongresuak eta Turkiako agintariek «uigurren aurkako genozidioa» salatzen jarraitu dute, beste inork aintzakotzat hartzen ez dituen ehunka hildako ezezagunen itzalak haizatuz. Baina soilik Txinari ziztada ematera hurbildutakoek segituan laga dute gaia Mendebaldeko bazter guztietan. Izan ere, herritasunaren auzi deabrutu hauetan badakizu zer gertatzen den: bati zerbait aitortzen diozu eta segituan dituzu besteak eskean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo