GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Haurdun dagoen emakume bat zainketa bereziko sailean dago A gripeaz kutsatuta

Astelehen eguerditik Donostia Ospitalean aurkitzen da 30 urteko gipuzkoarra. Haren egoera egonkorra dela dioten arren, zainketa bereziko unitatean daukate haurdunaldiko seigarren astean dagoelako.
p013_f02.jpg

GARA |

Haurdun dagoen emakume bat Donostia Ospitaleko zainketa bereziko unitatean dago A gripeaz kutsatuta, atzo Lakuako Osasun Saileko iturriek aditzera eman zutenez. Emakumeak iragan larunbatean Mendaroko ospitalera jo zuen, pneumonia bat zuelakoan, arnastean arazoak zituelako. Lehen azterketak egin ostean, A gripeaz kutsatuta egon zitekeelako susmoaren aurrean, Donostiako Ospitalera bidali zuten beharrezkoak ziren probak egitera.

Iturri berak jakinarazi zuenez, bertako medikuek analisiak egin ondoren, emaitzek baiezkoa eman, eta hala, A gripeaz gaixoturik zegoela baieztatu zuten. Emakumezkoaren haurdunaldiaren egoera berezia dela kontuan hartuta, zainketa bereziko unitatean edukitzea erabaki zuten. Emakumearen osasun egoera egonkorra den arren, edozein zailtasun ekiditearren behaketan aurkitzen da.

Bestalde, 36 urteko gizonezko bat ere ospitale berean dago igande eguerditik, A gripeaz kutsatuta. Iragandako ostiralean Donostia Ospitaleko larrialdi zerbitzuetara jo zuen eztarriko minez kexu. Haren egoeraren azterketa orokorra eginda, analisi zehatzago batzuk egin zizkioten, eta segituan baieztatu zuten A gripea zuela. Egunean bertan, gaixotasun infekziosoen sailean ospitaleratu zuten, baina haren osasun egoerak okerrera egin zuela ikusita, berehala zainketa bereziko sailera aldatu zuten. Bigarren gaixo honen egoera, Osasun Sailaren arabera, egonkorra da, larritasunaren barruan.

Bi gaixo hauek dira orain arte Euskal Herrian antzemandako A gripearen «kasurik larrienak». Osakidetzak, bestalde, azaldu du osasun publikoko zuzendaritza adi dagoela, ager litezkeen kasu berriei erantzuteko, eta hartu beharreko neurriak prest dituela.

Egoera larrienak Gipuzkoan azaldu arren, ez dira azken egunotan antzemandako kasu bakarrak izan. Hain zuzen ere, atzo goizean Nafarroako Osasun sailburuak baieztatu zuen beste bi kasu identifikatu dituztela.

Bata 34 urteko gizonezkoa da, eta haren egoera egonkorra den arren, Bideko Ama Birjinaren Ospitalean daukate behaketan. Bestea, San Miguel klinikan ospitaleratuta dagoen 18 urteko emakumezkoa da. Haren egoera ere egonkorra da, eta garapen baikorra azaldu du.

Azkeneko bi hauekin, hamazazpi dira egun gutxiren buruan Nafarroan baieztatuko kasuak.

Horietatik lehenengoak Allo herrian egiten ari ziren udaleku batean antzeman zituzten. Bertan parte hartzen ari ziren zenbait haurrek sukarra eta ondoeza azaldu zutenean, proba batzuk egin zizkieten, eta A gripeaz kutsaturik zeudela baieztatu zuten. Beharrezko arreta eta tratamendua eskaini diete, eta beraien egoera «normaltasunezkoa» da.

Bizkaian, Sopelako udaleku batean ere antzeman zuten gripe berriaren birusa. Osakidetzak kasu hauetan bete beharreko protokoloa ezarri zuen. Tratamenduaren ostean, haurren egoera «ona» da, eta ez dute bestelako zailtasunik erakutsi.

Usurbilen, bestalde, 12 urteko neska bati ere antzeman diote gaitza, Errioxan, herriko parrokiako aisialdi taldeko kanpaldi batean zegoen bitartean. Tratamendua jarraitu ostean, atzo hobekuntza erakutsi zuela jakinarazi zuten.

«Lasaitasuna»

Antzemandako kasu berrien aurrean, «lasaitasuna» eskatu du Lakuako Gobernuak. Osasun Saileko arduradunek gaur emango dituzte gaixotasunaren aurka egiteko ezarriko duten planaren xehetasunak.

txertoa

Osasun Mundu Erakundearen Zuzendari orokorrak onartu du A gripearen aurkako txertoak behar adina ekoizteko gaitasuna eskasa dela, munduko biztanle guztiek dutelako kutsatuak izateko arriskua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo