GARA > Idatzia > > Ekonomia

Villabonako zahar-etxeko auzia Aldundiaren ardura dela azaldu du ezker abertzaleak

Santiago egoitzako langileek beren soldata Udaleko langileenarekin parekatzea eskatzen dute. Ezker abertzaleak egoitzaren kudeaketa Aldundiaren eskuduntza dela azaldu, eta ELAren jarrera salatu du.
p025_f01_148x116.jpg

Amaia ZURUTUZA |

Villabonako Santiago zaharren egoitzako langileek beren soldata Udaleko langileek dutenarekin parekatzeko eskatu izanak gatazka sortu du herrian azken hilabeteetan. Atzo, Villabonako ezker abertzaleko hainbat hautetsik eta ordezkarik, Maixabel Arrieta alkatea tartean, egoitzan senideak dituzten hainbat herritarrekin batera, ELA sindikatuak Villabonan helburu sindikalez haratago helburu politikoak dituen estrategia oso bat garatu duela salatu zuten.

Josune Arretxe Udaleko Ongizatea eta Emakumea Batzordeko lehendakariak azaldu zuen Udalak hitzarmena duela Gipuzkoako Aldundiarekin egoitza honi dagokionez, eta ezker abertzalea Udalera iritsi aurretik adostu zela akordioa. Hitzarmenak zehazten du Udalaren eginbeharra kalitatezko zerbitzua eskaintzea dela. Zerbitzuaren kudeaketa, berriz, enpresa baten esku dago. Enpresa horrek kontratatzen ditu langileak, eta Aldundiak egiten dio diru ekarpen nagusia enpresari.

Gipuzkoan halako egoitzetan lan egiten duten langileen hitzarmen kolektiboa geldirik dago egun. Arretxek azaldu zuenez, ELA sindikatua negoziazio mahaitik altxa zen ez Aldundiarekin ez Patronalarekin ezer lortzerik ez zegoela ikusten zuelako, eta borroka herriz herri hastea erabaki zuen.

Ildo horretatik, salatu zuen Villabonan Udala jarri dutela euren borrokaren jomugan, baina jo behar duten atea Aldundiarena dela esan zuen. Ezker abertzaleak «ez du langileen eskakizunen zilegitasuna ukatuko», esan zuen, «baina borroka orotan jomuga garbi izatea izan ohi da lehen baldintza».

Alde horretatik, Arretxek azaldu zuen ezker abertzalea prest dagoela Aldundiaren aurrean behar den borroka egiteko «Santiago zahar egoitzan eta Gipuzkoako gainerako egoitzetako baldintzak hobetze aldera». ELAk, ordea, herrialdeko gatazka orokor hau «mendeku partikular» bihurtu nahi duela salatu zuen. «Zertarako? Ezker abertzalea deslegitimatu eta iraintzeko». Eta honako galdera bota zuen: beste herri batzuetan arazo bera izanda, Tolosan esaterako, ea zergatik ez duten halako kanpainarik egin.

Horrez gain, ELA sindikatuak egoitzako langileak «promesa faltsuekin» engainatu dituela adierazi zuen. Izan ere, gogoratu zuen administrazio publikoan lan egiteko oposizio publiko bidezko lehiaketak gainditu behar direla, eta «gaur-gaurkoz langile horietatik ia inork» ez lukeela lehiaketa hori gaindituko, hizkuntza profilagatik esaterako.

Azken hilotan gezur eta irain ugari jasan dituztela azaldu zuen, Marixabel alkatearen izena etengabe erabiliz, emakumea, abertzalea eta ezkertiarra ote den galdezka; ezker abertzalea PPren politika bera egiten ari dela eta neoliberala dela esanez, besteak beste.

Gizarteak egun gero eta laguntza gehiago behar duenean, eta larrialdi kasuak gehitzen ari direnean, ELA sindikatuak bideratu duen «eztabaida antzua» gaitzetsi zuten. Hala, ezker abertzalearen lehentasuna gizarte politika aurrerakoiak egitea dela berretsi zuten.

«engainua»

Udaleko ordezkariek azaldu dute udaleko langile izateko oposizio publiko bidezko lehiaketa gainditu behar dela. Udalak gainera ezingo luke horrelakorik egin, ez baita bere eskumena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo