ESKALADA Munduko Kopa
Usobiagak bere bolada onari jarraipena eman dio Chamonixen
Orain dela egun gutxi Munduko Txapelketa irabazi ondoren, Patxi Usobiagak garaipenaren bidetik jarraitzen du. Eibartarrak Munduko Kopako aurreneko proba irabazi zuen astelehen gauean Chamonixen eta maila ikaragarrian dabilela argi geratu da berriz ere.Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Laudorioak amaitzen ari zaizkigu. Izan ere, Patxi Usobiaga azken asteotan -bereziki- eta azken urteotan -orokorrean- lortzen ari dena hitzekin behar bezala deskribatzea ezinezkoa da. 2006an eta 2007an Munduko Kopa irabazi zuen, baita Europako Txapelketa ere iaz, baina segur aski azken egunetan lortu du eskalatzaile eibartarrak inoiz izan duen mailarik onena. Eta emaitzak dira horren lekuko. Usobiagak Munduko Txapelketa irabazi du berriki Txinan, aspaldidanik bere ametsa zena, eta astelehen gauean, atseden hartzeko ia denborarik gabe, Munduko Kopako aurreneko proban, Chamonixen, garaile izan zen. Ezer aurreratzeko oraindik oso goiz den arren, Usobiagak bere ibilbideko denboraldirik onena sinatzeko bidea darama.
Ia 10.000 pertsonaren aurrean eta mendizaletasunak Europan duen hiri ospetsuenetako batean, Usobiagak lan ia perfektua bete du lehiaketa osoan. Bai sailkapen probetan eta bai finalerdietan ere, eibartarrak ibilbidea goraino osatzea lortu zuen eta finalerako sailkatu zen. Gainera, final horretan azken postuan irteteko aukera izan zuen Adam Ondra, Sachi Ama, Romani Desgrages, Ramon Julian, Manuel Romani, David Lama eta Thomas Tauporn goi-mailako lehiakideen atzetik.
Munduko Txapelketan erakutsi zuen adore eta motibazio berarekin, Usobiagak lan bikaina egin zuen finalean eta garaipenak ez zion ihes egin. Hori bai, azken heldulekuan huts egin zuen eta, beraz, ibilbidea erabat bete gabe gelditu zen. Edozein modutan, beste lorpen bat eibartarraren poltsikora eta sekulako poza: Txinan bezalaxe, ikustekoak izan ziren Usobiagaren oihu eta imintzioak proba amaitu berritan.
Espero baino erosoago
«Oso ongi sentitu naiz, oso erraz eskalatzen, eta horregatik ez zait espero bezain gogorra egin lehiaketa hau. Azken heldulekuan erori egin naiz, baina ordurako irabazle ikusten nuen neure burua. Aurtengo denboraldian bi helburu oso zehatz jarri dizkiot neure buruari: Munduko Txapelketa eta Munduko Kopa. Aurrenekoa lortu dut eta bigarrenaren hasiera ezin hobea izan da. Bartzelonako probara begira, motibazioa ikaragarria da», adierazi zuen Usobiagak proba amaitu bezain laster.
Baina ez du lortutakoari buelta gehiegi emateko astirik izango. Izan ere, asteburu honetan bertan World Games lehiaketan hartuko du parte, Kaoshsiung hirian, Taipein. Bestalde, Munduko Kopako hurrengo proba, Bartzelonan jokatzekoa dena, datorren abuztuaren 8an eta 9an iritsiko da.
Patxi Usobiagak lehiaketa ia perfektua osatu du. Bai sailkapen probetan eta bai finalerdian ere, top egitea lortu zuen. Finalean, berriz, azken heldulekua bakarrik falta izan zuen ibilbidea betetzeko.
Usobiagaren atzetik, Sachi Amma izan zen bigarren sailkatua, eibartarrak baino sei mugimendu gutxiagorekin. Podiuma David Lamak osatu zuen mugimendu bat beherago erorita.