GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora Desafioa

Beteranoen arteko deman, Mindegiak mendean hartu du Mendizabal

p037_f02_95122.jpg

Jon LEUNDA | IRUÑEA

Miel Mindegiak irabazi zuen atzo Iruñean, sanferminetako azkeneko ekitaldian jokatu zen beteranoen arteko dema. Aurrez aurre Joxemari Mendizabal izan zuen.

Beste behin ere, jendetza batu zen norgehiagoka ikustera. Mindegiak, kanako enborra moztu behar zuen etzanda jarrita, eta Mendizabalek, berriz, bi oinbiko zutik. Azkenean, garaipena Ezkurrakoarentzat izan zen, baina biek egin zuten lan bikaina, eta amaieran biek hartu zuten txalo zaparrada ederra. Mindegiak 60 urte ditu, eta Mendizabalek, berriz, 62.

Ezkurrakoaren eta Adunakoaren artean lehia estua izan zen. Hala ere, Mindegiak hartu zuen abantaila eta zatirik handienean aurretik izan zen. Lan erdietan, Mindegiak kanakoaren erdia amaitu zuenean, alegia, 7 minutu eta 20 segundo erakusten zituen erlojuak, eta Mendizabalek gauza bera egin zuenerako, honen kasuan, lehen enborra bota zuenerako, 7 minutu eta 30 segundo erakusten zituen. Beraz, erabakita ez zegoen ezer.

Lehen erdian, ordea, lan asko egin zuen Ezkurrakoak, eta amaieran 14 minutu eta 43 segundotan amaitu zuen kanakoa. Mendizabalek, berriz, 16 minutu eta 17 segundotan bota zituen bere bi oinbikoak.

Bihar, berriz, Zornotzan, 12.30ean hasita, Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako saioa jokatuko da. Bertan, Arrospide, Larretxea eta Arria neurtuko dira. Jadanik jokatu dira saio batzuk, nahiz eta antolatzaileek ez duten asko iragarri, eta orain artekoan, Nazabal doa lehen postuan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo