Zumalakarregi Museoak landareei buruzko erakusketa aurkeztu du, «Loreak asmatzen»
GARA | DONOSTIA
Euskal Herriko landareek Petit de Meurville eta Pietro Bubani-ren arreta piztu zuten. Orain, bi naturalisten lanak ezagutarazteko, Zumalakarregi Museoa, Donostiako Kristina Enea Ingurumen Baliabideen Etxea eta Italiako hainbat kultur eta hezkuntza institutu elkartu dira, eta haien elkarlanetik «Loreak asmatzen: bi naturalista europar Euskal Herrian. Petit de Meurville. Pietro Burbani» erakusketa jaio da. Bi pertsonaia horiek XIX. mende erdialdean, Euskal Herriko landareak bildu eta marraztu zituzten. Antolatzaileek azaldu dutenez, espazio berean «bien landareekiko maitasuna uztartzeak» erakusketa egiteko bidea eman zien. Horrez gain, garai hartako flora eta zientzia aztertzeko aukera ematen du ekimenak eta, bide batez, «gure herriaren garai hartako egoera» agertzekoa.
Bildumak bi naturalisten lanetik ateratako materiala hiru modutan banatzen du. Lehena, landare bakarraren fitxez osatuta dago, bigarrena landareek izandako erabileran oinarritzen da eta, azkenik, aurkitutako tokia aintzat hartzen duena.
Astelehenean irekiko dute erakusketa eta irailaren 10era arte izango da ikusgai. Azpimarratzekoa da bertan dagoen 4.000 landare baino gehiagori buruzko informazioa biltzen duen Bubaniren lana. Petit de Meurvilleri dagokionez, Gipuzkoako florari buruzko argitalpenak biltzen ditu erakusketak.
Horrez gain, hainbat ekintza osagarri antolatu dira, esate baterako, ikastaroak, kontzertuak, bisita gidatuak eta akuarela eguna.