Militarrei «non da Jon?» galdetzeko deia egin du amnistiaren aldeko mugimenduak
GARA |
Bihar, Karmengo Ama Birjinaren egunean, militarrek egiten duten ohiko desfilearen aurrean protesta egitera deitu ditu herritarrak amnistiaren alde- ko mugimenduak. Hitzordua 12.00tan izango da Donostiako Bulebarrean eta «Non da Jon? Alde Hemendik!» lemapean burutuko da elkarretaratzea.
Komunikabideei igorritako oharrean, Euskal Herria «kolore guztietako uniformeak daramatzaten espainiar eta frantziar polizia eta militarrez josia» dagoela salatu eta «militarizazio honek», herri honek «libreki eta bakean bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea» ukatzen duela deritzo.
Oharrean gogoan du Gorbeiako mendi tontorrean militarrek bandera espainola zabaldu izana, zein San Ferminietan Berriozarreko bizilagun batek militar batekin izandako liskarra; militarrek Euskal Herriari egiten dioten ekarpena gainera, «horixe dela» defendatu du.
Biharko konzentrazioarekin, Polizia espainol eta frantsesei Euskal Herritik «alde egiteko eskaria» luzatu eta Jon Anza militantea non dagoen galdetu nahi dute. Donostiako preso oiha azken aldiz ikusi zenetik hiru hilabete betetzear direnean, «larritasuna» agertu nahi izan du amnistiaren aldeko mugimenduak eta Anzaren desagerketaren atzean «gerra zikinaren itzala gero eta argiago» ikusten dela mahaigaineratu du.