GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Mauleko bestak arnasberritu dira, jai batzordeak elkarlana eta parte hartzea sustatuta

Bigarrenez jai-batzordea (eta ez Herriko Etxea) da Mauleko festen antolatzailea. Igandera arte iraungo duen egitarau aberatsa eta esparru guztietako herritarrei zuzendutakoa prestatu dute aurtengoan ere.

GARA |

Duela bi urte jai batzordeak hasitako dinamika gorpuzten ari da Maulen. Izan ere, ordura arte Herriko Etxeak antolatzen zituen festak, baina orain herriko talde guztiengana hedatuta, parte hartzea handitu egin da.

Iaz bezala, aurten ere bereziki euskarari eta euskal kulturari eskainitako eguna ospatu zuten atzo. Kanta Lextarre izeneko ekitaldian bertsolariak eta abestiez gain, antzerkiak ere izan zuen tartea. Mixel Etxekopar eta Pierre Visslerrek musika eta pailazokeriak nahasten dituen «Duo» obra aurkeztu zuten. Aldez aurretik haurrek herri-kirol ohikoenak deskubritzeko parada izan zuten Karkaila elkarteak antolatutako joko-saioari esker.

Aurtengoan bi berrikuntza dituzte: gaurko haurren eguna eta biharko erretiratuena.

Ohorezko bi gonbidatu

Larunbatean kirolari, zehazki txirrindularitzari eta errugbiari lotutako ekitaldiak izango dira nagusi. Goizean goiz, 7ko errugbi torneoari ekingo diote eta TOP 14ko Benat Arriette jokalaria izango da jaietako gonbidatu berezia. Bestea, berriz, Marcel Queheille txirrindularia izango da, orain 50 urte Baiona eta Paue arteko Tourreko etapa irabazi zuen txirrindulari zuberotarra omenduko dute igandean. Garaipen hura gogora ekartzeko erakusketa bat antolatu dute.

Astelehenean festak Niko Etxarten kontzertuak ireki zituen, eta itxi, berriz, Nadau taldeak itxiko ditu igandean. Zinka ostatuan ere hainbat kontzertu eta ekimen izango dira arratsero, horien artean, larunbatean BLEren bazkaria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo