Zesta-punta Profesionalen Banakako Munduko Txapelketa 2009
San Inazio egunean jakingo dugu zestan errege nor den
Master Jai eta Jai Alive enpresetako zortzi pilotari aurrez aurre arituko dira uztailaren 17tik 31ra.
Iratxe DUEÑAS | BILBO
Munduko Profesional Mailako Zesta-punta Txapelketa atzo aurkeztu zuten Bilbon, EITBren egoitza nagusian.
Iaz, hainbat arazo zirela-eta, ospatu ez bazen ere, aurten ez da hala izango eta hil honetan ospatuko da banakako zesta punta txapelketa. Binakakoa, berriz, udazkenean jokatuko dela jakinarazi zuten aurkezpen ekitaldian.
Buruz buruzko txapelketa uztailaren 17tik 31ra bitartean jokatuko dute. Bertan, Master Jai eta Jai Alive enpresetako zortzi puntistek hartuko dute parte, lau pilotarik enpresa bakoitzeko. Maila, beraz, ziurtatuta dago.
Jar ditzagun hizki handitan lehiatuko diren izen bereziak: taldeburu Goikoetxea, Irastorza, Lopez eta Egiguren II.a izango dira; haien kontra Hernandezek, Forondak, Landerrek eta Enbilek jokatuko dute. Aurrez aurre nortzuk ikusiko ditugun atzo gonbidatu berezi izan zen Kepa Junkeraren eskuak erabaki zuen.
Datorren egunetarako egitaraua honakoa dugu. Iñaki Goikoetxea eta Jonathan Hernandez Berriatuan neurtuko dira uztailaren 17an. Erik Irastorza eta Iker Foronda Gernikan arituko dira uztailaren 20an. Imanol Lopezek eta Landerrek Markinako Unibertsitatean ikusiko dute elkar uztailaren 19an. Eta final-laurdenak Mikel Egigurenek eta Gotzon Enbilek itxiko dituzte Hondarribian uztailaren 23an.
Finalaurrekoak Durangon izango dira uztailaren 25ean. Lehen partidan Goikoetxea eta Hernandezen artekoan irabazle ateratakoak Egiguren II.a eta Enbilen arteko lehian garaile irtendakoaren kontra jokatuko du. Bigarrenean, Irastorza eta Forondaren artean gailentzen denak Lopez eta Landerren arteko borrokan indartsuen azaltzen denaren aurka.
Final nagusia uztailaren 31n jokatuko dute Hondarribian. Orain arteko zesta-puntaren ibilbidea samurra izan ez den arren, aurten puntistarik onenak nor baino nor ikuskizuna eskaintzeko prest izango ditugu berriz ere.
BIELLE-OZAFRAIN 40
waltari-harizmendi 31
Jose Maria Aldamiz Pilota Kontseiluko presidenteak, oso argi hitz egin zuen aurkezpenean: «Bi enpresek ahalegina egin dute egoera baretzeko eta gauzak bide egokian doaz. Hemen gaudenoi dagokigu zesta-puntari duen balioa ematea».
40
31
Erik Irastorza «lehiatzeko eta irabazteko gogoa» duela etorri da gurera. Imanol Lopezek, berriz, faborito nagusia du: «Goikoetxea, gauzak erraz egiten baititu. Hori bai, partida bakarrera jokatuta edonor izan daiteke irabazle».