Arrangoitzeko Torneoko finala
Biellek eta Ozafrainek, bikain jokatuz, ezustea eman eta txapela lortu dute
BIELLE-OZAFRAIN 40
WALTARI-HARIZMENDI 31
Jon LEUNDA | ARRANGOITZE
Ezusteko handia izan zen atzo Arrangoitzeko Torneoko finalean, inork gutxik uste baitzuen Biellek eta Ozafrainek irabaziko zutela, baina horixe egin zuten, eta batek baino gehiagok xoxak trinketean utzita etxeratu beharko zuen.
Hasierako berdinketen ostean, Biellek eta Ozafrainek aurrea hartu zuten, eta amaierara bitarte horrelaxe aritu ziren. Alde dezentea ere izan zuten 21-16 aitzineratu zirenean, baina gero Waltarik eta Harizmendik ia berdintzea ere lortu zuten, baina atzokoan Bielle eta Ozafrain ez zeuden barkatzeko asmoarekin eta beraiek izan ziren txapela jantzi zutenak.
Partida erabakitzeko garaian, arrazoi bat baino gehiago izan ziren. Hasteko, Patrick Ozafrainen lana izan zen. Bankakoa izan zen, dudarik gabe, finaleko onena, haren joko maila ikaragarria izan zen. Bielle gazteak, gainera, bikain lagundu zion. Bestetik, Waltarik eta Harizmendik opari gehiegi egin zituzten, eta horrenbeste pilota huts egindakoan, ezin da irabazi.