Zelayak ultimatuma eman dio Hondurasko gobernu kolpistari
Boterea berreskuratzeko bidean, ultimatuma eman dio Manuel Zelayak presidentetza indarrez hartu zuen Roberto Michelettiri. Aste honetan boterea utzi ezean, negoziaketa prozesua baliogabetzat jo eta beste neurri batzuk hartu beharko dituela ohartarazi du.GARA |
Manuel Zelayak, Hondurasko legezko presidenteak, ultimatuma eman dio estatu kolpeak ezarritako sasi gobernuari, presidentetza itzul dezan. Horrela egin ezean, Costa Ricako presidenteak hasitako bitartekari lana baliogabetzat emango duela gaineratu du.
Zelaya ekainaren 28an kendu zuten kargutik estatu kolpea emanda, eta uztailaren 4an Hondurasera itzultzen saiatu zen arren, gobernu kolpistak bere itzulera galarazi zuen. Gatazkari irtenbidea bilatu nahian, Roberto Micheletti presidente kolpistarekin eztabaidak hasi zituen. Oscar Arias, Costa Ricako presidenteak dihardu batzar horietan bitartekari lana egiten.
Presidente kargugabetuak erregimen kolpistari emandako ultimatumean, Konstituzioak eta nazioarteko erakundeek egindako eskaerak betetzeko exijitu du. Horrela, AEEk (Amerikako Estatuen Erakundea) eta NBEk (Nazio Batuen Erakundea) emandako ebazpenak bete ezean, Ariasen bitartekaritza porrot gisa hartuko du. Bi erakundeok emandako ebazpenek ordena konstituzionala berriro ezartzea eta Zelaya lehendakaritzara leheneratzea eskatzen dute. Halaber, ebazpen hauek bete ezean, beste neurri batzuk hartu beharko dituela adierazi du Zelayak, eta Hondurasko herritarrak gobernu kolpista boteretik kentzeko prest dagoela gaineratu du. Bere herrialdeko Konstituzioak «matxinatzeko eskubidea» xedatzen duela ere ohartarazi du legezko presidenteak.
Zelayaren hitzetan, negoziaketa prozesuaren bitartez, Michelettik bere diktadura luzatzea baino ez du bilatzen. Horrela, Oscar Ariasen borondatea herriaren arreta bereganatzeko erabiltzen duela salatu du eta negoziaketaren helburu bakarra bere alde denbora irabaztea dela gaineratu du. Horrez gain, negoziaketan parte hartzeko aukeratu zituen kideak, estatu kolpea salatu duten diputatuak eta atzerriko kazetariak, Micheletiren gobernuak bermaturiko «errepresioaren biktima» izan direla salatu du.
Ustezko partaidetza
Negoziaketa prozesu honen erdian, Evo Morales Boliviako presidenteak babesa eskaini dio Manuel Zelayari. Uruguaiko presidentearekin bildu ostean, Moralesek eta Tabare Vazquez presidente uruguaitarrak «inperioaren oldarraldi» gisa definitu zuten Hondurasen gertatutako estatu kolpea. Bestalde, Ameriketako Estatu Batuek, estatu kolpean parte-hartze zuzena izan zutela salatu zuen Boliviako presidenteak eta AEBen Armadako Hegoaldeko Komandoa jo zuen arduradun nagusitzat.
Bi herrialdeek adierazi zutenez eraso honen aurrean ez dute Zelaya ez den beste presidenterik onartuko eta «historikoki gertatu den bezala, herriak inperioa garaituko duela» baieztatu zuen Moralesek.
Evo Morales Boliviako presidenteak AEBek Hondurasen jazotako estatu kolpean parte hartu zutela salatu du. AEBen Armadako Hegoaldeko Komandoa kolpearen arduradun nagusia izan zela gaineratu du.