Spraikada igandean ospatuko da Mutrikun, tailer anitzez eta fusio-ikuskizun batez inguratuta
Seigarren urtez, Euskal Herriko Graffiti Lehiaketa egingo da asteburu honetan. Aurten, Mutrikuko 800. urteurrena ospatzeko ekintzetan txertatu dute, gazteak inplikatzeko asmoz.
GARA | GASTEIZ
Igande honetan, hots, hilaren 18an graffitiez gozatzeko lekurik hoberena bihurtuko da Mutriku; ez soilik lehiaketan parte hartuko dutenentzat, baita adierazpen artistiko hau atsegin duen publiko ororentzat ere. Ospakizunaren ardatza, betiere, Euskal Herriko Graffiti Lehiaketa izango da, Spraikada izenaz ezagutzen dena. Baina horren inguruan antolatuko diren ekintzek hitzordu hau zabaltzen dute.
Duela sei urte abian jarritako ekimen honek oso harrera ona izan zuen. Topaguneak antolatuta, lehen urtetik lortu nahi izan duen helburua «adierazpide berri eta urbanoak ere euskaraz» eskaintzea izan da, «gazteak euskarara erakartzeko» asmoz. Izandako arrakastak, antolatzaileen aburuz, «gazte sortzaileen artean dagoen maila tekniko eta artistikoa» agerian utzi du.
Igandean lehian arituko diren lanen maila nabarmendu dute antolakuntzakoek. Gauza da, parte hartzeko, aldez aurretik zirriborroa aurkeztu behar dutela parte-hartzaileek. Hamar onenak aukeratu ondoren, horiek lehiaketa egunera pasatzeko aukera dute. Proposamen bezala, 25 zirriborro jaso dituzte Spraikadako arduradunek. Graffitiak egitea atsegin izateaz gain, sariak ere deigarriak dira parte-hartzaileentzat, guztira 3.600 euro banatuko dituztelako saritan: irabazleari, 1.500; bigarrenari, 1.200, eta 900 hirugarrenari.
Baina argi azaldu dute ospakizun honetan ez dutela soilik graffitigileek parte hartzen. Ikusleek ere badute bere lekua. Lehenik eta behin, graffiti bat egiteko prozesua oso-osorik ikusteko aukera izango dute. Antolakuntza goizeko bederatzietan hasiko da materiala banatzen, eta, ondoren, lehiakideek 10 orduko epea izango dute lana gauzatzeko.
Tailerrak
Esan bezala, bertaratuek, ikusle izateaz gain, zuzenean parte hartzeko aukera ere izango dute tailerren bidez. Antolatzaileek horrela iragartzen dute: «Lehen `spraikadak' egiteko, break-dance apur bat ikasteko eta han-hemenka sakabanatuko diren DJ eta break erakustaldiekin gozatzeko aukera izango da».
Ikuskizun berezia ere eskainiko da hilaren 18an. Euskal kultura tradizionala eta egungo kultura urbanoak uztartzen dituen Bertsound System saioa izango baita. Bertan, Aritz Sound System DJaren gidaritzapean, Xabier Silveira eta bi rap abeslari -121 Crew eta Norte Apatxe- nor baino nor arituko dira, break dantzariak lagun dituztela.