Laura Mintegi idazlea
«Pobre de mí»
Pobre de mí, este año no he ido a Sanfermín! Urtero bezala, uztailaren 6an zapi gorria lotu dut eskumuturrean, eta eguerdian, hamabietan puntu-puntuan, lepoan jarri dut, korapiloa egin eta nire sanferminak bizitzen hasi naiz, laneko bilera baten erdian, kideen harridurako. Nola azaldu zer diren sanferminak norberarentzat? Nola esan kideei gauza bera egiten dudala urtero-urtero, nahiz eta munduko edozein puntatan harrapatu uztailaren 6ak? Nola esan gainontzekoei jaia bizitzeko ez dela ezinbestean Iruñean egon behar, eta sanferminak hartuta bizi naitekeela Bilbon edo Dakarren, Bogotan zein Berlinen?
Afektuak ez dira transferigarriak, noski. Are gutxiago afektuok lotuta badaude norberaren herriarekin edo haurtzaroko sentipen sustraituekin. Gutxik uler dezakete danborrada, donostiarra izan ezean. Nola azaldu tafallarra ez denari putzu berde higuingarrira bere burua botatzea sublimea dela, emozionatzeraino.
Badira azaldu ezinezko gauzak, eta horien artean sanferminak. Jende asko dagoela? Bai, lar. Kanpoko jende gehiago dagoela bertakoa baino? Noski, halaxe da. Nonahi topa daitezkeela mozkorraldiak, zikinkeria, zarata eta kaosa? Ziur, urtez urte topatu ere. Baina horrek guztiak ez du jaia egiten. Jaia barnetik kanpora irteten da, barrutik aurpegira, esku eta hanketara. Poza nork bere kolkotik ateratzen du kalera, besteei inokulatzeraino, birusa balitz bezala.
Pobre de mí, aurten ere ez naiz joan sanferminetara! Eta urte barruan faltan hartuko dut jaietan egon ez izana, zortzi egun horietan urte osorako gasolina hartzen baitut. Bitartean, zapi gorria gorde, eta egunak zenbatzen hasiko naiz, uztailaren 6ra arte.