Zuzendaritzako txandatzea eta estreinaldiak, Hamabostaldiko abiapuntu
1939an hasi zenez geroztik ez du etenik izan eta, aurtengoan, 70. edizioari emango dio hasiera. Musika Hamabostaldia hamaika berrikuntzekin dator, tartean, Patrick Alfaya zuzendari berriaren kargu hartzea. Guztira, 74 kontzertu eta ehun ekitaldi baino gehiago aurreikusi dituzte abuztuaren 4an hasiko den programazioan. Aipagarrienen artean daude «Carmina Burana»ren estreinaldia, «Belle Époque»ren atzera begirakoa eta Laboari eskaini omenaldia.
Ariane KAMIO | DONOSTIA
Kostata, baina azkenean atera zen. Krisialdi hitzak ez zen ikusezin igaro Musika Hamabostaldiaren aurkezpen ofizialean. Izan ere, aurrekontuaren %12ko murrizketa izan da jaialdiaren erronka abiarazi zuen datua, eta hogeita hamar urteren ondoren kargua uztera doan Jose Antonio Echenique zuzendariaren arabera, helburuak lortuta utzi ditu. Abiapuntu horretatik, hamaika berritasun gordetzen ditu 70. edizio horrek, besteak beste, Patrick Alfaya zuzendari berriaren kargu hartzea. Agurra, ordea, ez da behin betikoa, Echeniquek zuzendari ondoko postuan jarraituko baitu aurrerantzean. Odon Erloza Donostiako alkateak jakinarazi zuenez, gainera, berari emango diote Musika Hamabostaldiko Urrezko Domina jaialdiaren alde egindako lana eskertze aldera.
Emanaldiak
Guztira 74 emanaldi eta haien inguruko ehun ekitaldi inguru prestatu ditu orain arte Echeniquek zuzendu taldeak. Programazioan nabarmentzekoak dira «Belle Époque» deritzon garaiari lotutakoak, eta kontzertu asko «1900-1936 Abangoardiaren aroa» goiburupean egingo dira, Echeniqueren aburuz, «kulturaren bultzada» izan zeneko garaiari erreferentzia egiten diona, eta batez ere, Donostia inguruko hirien kultur elkargune bihurtu zenekoa, Biarritzekin izan zuen harremanaren adibide. «Arte ederrentzat, literaturarentzat, arkitekturarentzat eta musikarentzat hain aberasgarri» izandako garaiari lotutako 24 emanaldi aurreikusi dira.
Abuztuaren 4an, inaugurazio jardunaldiko ikuskizunik entzutetsuena La Fura dels Baus taldeak Carl Orffen «Carmina Burana» kantataren osoko estreinaldiak ekarriko du. Nolanahi ere, ez da hori Hamabostaldiak estreinatuko duen pieza bakarra. Zazpi konposizio berri estreinatuko dira Musika Garaikideko Zikloan, Organo Zikloan eta Interprete Gazteen Zikloan.
Echeniquek, baina, hiru kontzertu azpimarratu zituen. Lehenengoa, abuztuaren 8an «Laboaren Mundua» izenburupean egingo dena, eta musikariaren lagunek parte hartuko dute bertan, besteak beste, Josetxo Silguerok, Ruper Ordorikak eta Bernardo Atxagak. Bigarrena, bi egun geroago Artzain Onean egingo den «maratoia», Jose Manuel Azkueren omenez, 21 organo-jotzailerekin. Eta, hirugarrena eta azkena, itxialdiko kontzertua, irailaren 5ean, Liongo Orkestra Nazionalak eta Donostiako Orfeoiak eszenaratuko duten Fuareren «Requiem»a.
Aurtengoa ere urteurrenen eta oroitzapenen edizioa izango da. Hala, kontzertu bereziak eskainiko dira Handel, Mendelson, Hayden eta Isaac Albeniz, besteak beste, gogoan hartzeko. Ildo beretik, Felix Lavilla piano-jotzaile errenteriarrari omenaldia eskainiko diote bere jaioterrian, abuztuaren 19an.
Ohi bezala, Donostiako mugetatik harago eta efemerideen bidetik jarraituta, Hamabostaldia Baionako Palais Hotelean, Ziburun eta Kanbon izango da aurten, beste leku askoren artean, baita Zumarragan eta Chillida-Lekun ere.
Musikaz gain, Hamabostaldiak Mikel Alonsok egindako argazki erakusketa zabalduko du eta Kursaalen X. urteurrena ospatuko da.