GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Autodeterminazioa aldarri hartuta, Eskozian dira idiazabaldarrak

Eskoziako Inverness hirian dira egunotan Idiazabalgo Autodeterminazioaren Aldeko Herri Ekimeneko kideak. Eskoziako Jokoen Munduko Txapelketaren aitzakiapean, «nazio izateko eskubidea» aldarrikatuko dute, Euskal Herriko dantza, kirol eta ohiturak bertara eramanez. Herri kirolariak, dantzariak, fanfarrea, trikitilari zein biolin-jotzaileak eta joaldunak izango dira bertan. Bestalde, hainbat dokumentalista ere irudiak eta testigantzak jasotzeaz arduratuko dira.

p016_f01.jpg

Janire ARRONDO |

Autodeterminazio eskubidearen aldarria ahotan hartuta, Eskoziako Inverness hirian dira egunotan Idiazabalgo Herri Ekimeneko kideak. Ez dira berriak honetan goierritarrak, iazko martxoan ere Edinburghen izan baitziren. Oraingoan, eskoziarrek gonbidatuta, Highlands Games Worl Championships txapelketako gonbidatu bereziak izango dira.

Highland eskualdeko Inverness hirira joan dira, Eskozia iparraldera. Bertan antolatu den Eskoziako Jokoen Munduko Txapelketan Eskoziako diasporako ordezkariek hartuko dute parte; euskaldunek berriz, hemengo joko, dantza eta ohiturak erakutsiko dituzte. Gaur eta bihar jokatuko da txapelketa hau, eta bertan eskainiko dute Idiazabalgo ekimeneko kideek beren erakustaldia.

Txapelketan parte hartzeaz gain, Nazioen Mundua izena eman dioten ekimen honek ia astebeteko ibilaldia egingo du Highland eskualdeko herri eta hirietan, autodeterminazioa aldarrikatuz erakustaldiak ematen.

Idiazabaldik abiatu zen taldea herriko herri kirolariek, San Fermin Peñako joaldunek, Iruña taldeko dantzariek eta fanfarreak, musikariek, Joseba Ostolaza harri-jasotzaileak eta Jose Mari Esnaola aizkolariak osatzen dute. Guztira, ia ehun lagun inguru bildu dituen espedizioa da Eskozian.

«Herri gisa bizi nahi dugu»

Eider Alustiza Herri Ekimeneko kidearen hitzetan, «garrantzitsuena ekimen honek herritar izaera duela da eta herritarren artean sortu den zerbait dela». Alustizak GARAri adierazi zionez, «begira egoteaz aspertu gara eta garaia da hizketan hasteko, horregatik hitza eman diezaguten eskatzen dugu».

Ezberdintasun argia dago, Alustizaren ustez, Eskoziaren eta Euskal Herriaren artean. Izan ere, «Eskozian erabat barneratuta dute nazio izaera eta orain, gobernutik ari dira zuzentzen autodeterminaziorako bidea», esan zuen. Hemen aldiz, «nazio errekonozimenduan atzeratuta gaude». Horrenbestez, «beharrezkoa da horrelako ekimenen bidez herritarren kontzientziak astintzea», adierazi zuen.

Autodeterminazioaren Aldeko Idiazabalgo Herri Ekimeneko kideek bidaiari ekin baino lehen adierazi zutenez, «garaia da herritar arruntok Euskal Herrian bizi dugun egoera gainditzeko eragile bihur gaitezen». «Gizarteak, norberaren esku ez dagoelakoan, besteen eskuetan uzten baitu egoeraren irtenbidea bilatzeko ardura».

Herri kirolen bueltan

Duela urtebete baino gutxi lehenago sortu zen Idiazabalgo Autodeterminazioaren Aldeko Herri Ekimena, Nazioen Mundua izena eman ziotena. Hala ere, atzerago dago orain loratu den ekimenaren oinarria. Duela sei urte inguru osatu zen Idiazabalen herri kirol taldea eta poliki-poliki indartuz joan dira. Euskal Herriko Herri Kirol eta Xiba Jolasen txapelketan parte hartu dute hainbat urtetan.

Hasieratik, erabakiak taldean hartzeko hautua egin zuten idiazabaldarrek. Horrela, guztien arteko adostasunaz kirol erakustaldietan hainbat aldarrirrakapen egin izan dituzte; euskararen alde zein euskal selekzioen alde, esaterako. Bide horretan, iaz «herriek duten erabakitzeko eskubidea» aldarrikapena hartu eta Katalunia zein Eskoziaraino eraman dituen ekimena sortu zuten.

Nazioen Mundua ekimenari hasiera ematean adierazi zutenez, «gure herria ez da mapetan agertzen, baina, badago». Bestetik, «Euskal Herria ez dago herri estatuen Europan, baina, herri gisa bizi nahi dugu eta herri gara oraingo estatu modernoak sortu baino lehenagotik ere». Horregatik, «Europako herri aitortu bat izan nahi dugu, beste herri bat Nazioen Mundu berrian», aldarrikatu zuten.

«Munduan zehar Euskal Herriko gatazkak direla medio ezagutzen bagaituzte ere, Pirinioen bi aldeetan dantza egiten duen herria da gurea». Herri ekimenak gizarteak bizi duen «egoera korapilatsu eta bihurria» gainditu nahi du, «horretarako, kolore askotako petaloz eratutako lorea sortu dugu».

Ekimen honen lehen saioa Idiazabalen egin zuten 2008ko otsailean, herriko jaietan. Handik hilabete gutxira, Eskoziara joan ziren lehenengoz eta han hiru erakustaldi egin zituzten. Herri kirolari taldea, joaldunak, musikariak, dantzariak, txalapartariak zein bertsolariek osatzen zuten taldea izan zen orduko protagonista.

«Edinburgheko parlamentariekin elkarrizketatzeko aukera izan genuen han, esperientzia eta argumentu trukea izan zen», azaldu zuen Alustizak. Une bateko harremana izan bazen ere, aurten hori indartzeko asmoa dute.

«Ez da kasualitatea»

Aurtengo apirilean, bestalde, Katalunian ere izan dira idiazabaldarrak. Alustizaren hitzetan, «ez da kasualitatea Eskozia eta Katalunia aukeratu izana, bietan Euskal Herriko egoera bertsua bizi baitute». Bere ustez, «bakoitzak bizi duen egoera ezberdina izan arren, hiru herri hauek nazio izateko eskubidea dute».

Idiazabalgo ekimena Gironako La Bisbal d'Empordàraino iritsi zen. Han «Euskal Herrian baino herri mugimendu handiagoa dagoela ikusi genuen», onartu zuen Alustizak.

Autodeterminazioaren aldeko aldarria harturik, Decidim plataformako eta Casal herri mugimenduko kideekin harremanak egin zituzten.

«Ekimena gizarteratzen»

Bestalde, Idiazabalgo ekimenarekin Eskoziara joaterik izan ez duenak, izango du hango esperientzia ezagutzeko aukera. Izan ere, Jon Maia, Irene Manterola, Eriz Zapirain eta Juan Ignazio Sardon dokumentalistak herri ekimeneko kideekin batera joan dira Eskoziara.

Han, irudiak eta Euskal Herritik joandakoen zein eskoziarren testigantzak jasoko dituzte. Helburua, bildutako materialarekin dokumental bat egitea da. Hala, datorren urtean plazaratuko dute ikus-entzunezkoa.

ia 100 lagun

Idiazabalgo herri kirolariez gain, San Fermin peñako joaldunak, Iruña taldeko dantzariak eta fanfarrea, musikariak, Joseba Ostolaza harri jasotzailea eta Jose Mari Esnaola aizkolaria joan dira Eskoziara.

bihur gaitezen

«Garaia da herritar arruntok Euskal Herrian bizi dugun egoera gainditzeko eragile bihur gaitezen», esan zuten ekimeneko kideek bidaiari ekin baino lehen.

Erreferenduma egingo dute Eskozian, 2010ean

Urte garrantzitsua da 2010a eskoziarrentzat, autodeterminazio erreferenduma egingo baitute. Horren bitartez eskoziarrek iritzia eman ahal izango dute, eta euren etorkizunaren gainean erabaki. Erresuma Batuaren barneko herrialde edo nazio burujabe izan nahi duten erabakitzeko parada izango dute.

2007ko abuztuan eman zuen Eskoziako ministro eta SNP alderdi independentistako kide Alex Salmondek -konstituzioan hainbat aldaketa egin ondoren- erreferenduma egiteko asmoaren berri. Independentisten asmoa, Eskoziako eta Ingalaterrako parlamentuak batu zituen 1707ko Batasun Akordioa indargabetzea da. Akordio horretan ez da ukatzen «herritarren erabakitzeko eskubidea» eta horretan oinarritzen da Salmond Eskoziaren independentzia eskatzeko.

Idiazabalgo Herri Ekimenekoek zukua atera nahi diote gertakizun horri. Izan ere, idiazabaldarren hitzetan, «Europan tsunami politiko bat gertatuko da, gu bezalako nazio batek praktikara eramango baitu bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea eta gu ezin gaitezke lo gelditu». «Lehenbizikoz Eskoziara joan ginenean, bertakoak erabat identifikatuta sentitu ziren gurekin, beraiek ere gai hau pil-pilean dute-eta», esan dute Herri Ekimenekoek.

Hurrengo urtean, Eskoziako erreferenduma egingo dela aprobetxatuz, eskoziarrak eta kataluniarrak Euskal Herrian elkartzeko asmotan dabiltza Herri Ekimeneko kideak. J.ARRONDO

aldarrikapenak

Hasieratik erabakiak talde gisa hartzeko hautua egin zuten herri kirol taldeko kideek. Horrela, guztien adostasuna lortuta, hainbat aldarrikapen egiten hasi ziren beren erakustaldietan.

herri gara

«Gure herria ez da mapetan agertzen, baina, bada. Euskal Herria ez dago herri estatuen Europan, baina, herri gisa bizi nahi dugu eta herri gara oraingo estatu modernoak sortu baino lehenagotik ere».

katalunia

Aurtengo apirilean Katalunian izan ziren idiazabaldarrak. «Han hemen baino herri mugimendu biziagoa dute», esan zuen Alustizak, ekimeneko kideetako batek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo