GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Euskal Herria Jaietan

Malen jaietan bete-betean sartuko dira mutrikuarrak

Heldu dira Mutrikura Malen Jaiak, eta mutrikuarrak irrikatzen dira azkenaldian prestatzen aritutako egitaraua abiatzeko. Herriko hainbat talde eta eragilek, azken urteetan egin duten moduan, ekitaldiz lepo jantzi dituzte datozen egunak, «herritarrei jai aukera berri eta freskoa eskaintzeko». Udalak prestatutako programan ere ekimen eta ikuskizun ugari batu dira.

p019_f03.jpg

Oihane LARRETXEA |

Mutrikuko Malen Jaiak heldu dira, eta hauetaz gozatzeko, Udalak eskaintzen duen programazio ofizialaz gain, herriko talde eta eragileek eskaintzen dute egitarau alternatiboa ere badago aukeran. Azken hilabeteotan, jaiak bestelako modu batean igarotzeko lanean aritu dira talde ugari. «Helburua ondo pasatzeaz gain, programazio ofizialaren aurrean aukera berri eta fresko bat zabaltzea da», adierazi du Maiderrek, festa alternatiboen antolatzaileetako batek. Beraz, gaur hasi, eta larunbatera arte iraungo duten jaietan hamaika ekimen egiteko parada izango da.

Eguerdian bertso-triki poteoarekin hasiko da gaurko Gazte Eguna, nahiz eta txupinazoa gauerdian emango den.

«Festa egun bakoitzari izen bat eman diogu, eta hortaz, egun bakoitzak multzo edo mugimendu bati egingo dio erreferentzia», azaldu du Maiderrek. Aipaturiko Gazte Egunaz gain, bihar Independentzia Eguna izango da. Amnistia Eguna, Koadrila Eguna eta azkenik Ikasle Abertzale Eguna izango dira, hurrenez hurren, larunbatera arte.

Jai guztietan bezala, musikak leku handia hartuko du. Gau aldera zuzenean joko dute hainbat taldek, besteak beste Feel Head, Enkapunktxados eta Ekon inguratuko dira Mutrikura. Ez da, halere, dena rocka izango, Badira taldeak emango duen kontzertu akustikoaz gozatzeko aukera ere izango baita ostegunean.

Lagunartean mahai ingurura biltzeko ere antolatu dira hainbat hitzordu. Lehena gaur bertan izango den arren, ostiralean Kuadrila Egunaren harira izango den bazkarirako jende andana espero dutela ziurtatu du Maiderrek. «Izena emateko epea ireki genuenetik, hirurehun pertsonak baino gehiagok egin du, beraz egun jendetsuena izango dela uste dugu».

Umeek ere badute euren lekua egunotan. Gaurko hainbat joko dago beraientzat prestatuta, eta bihar Pantxika eta Txinparta Ederra Zalaparta! pailazoek umorez eta algaraz girotuko dute arratsaldea.

Haurrentzako ekimen ugari

Bestalde, Udalak ere, urteroko moduan, hainbat ekitaldi eta era askotakoak antolatu ditu Malen Jaietarako.

Umeek leku berezia izango dute egunotan, ugari baitira txikientzat antolatutako ekitaldiak. Haur parkeak egunero izango dira, baita ikuskizunak eta margo lehiaketak ere.

Ekitaldi berritzaile moduan, aurtengoan Maxi Dance karaoke birtuala iragarri dute. Hala, abestu nahi duen orok aukera izango du ostegun gauean.

Herri kirolak ere bereziki jorratuko dira aurtengo jaietan. Besteak beste, pilota txapelketa eta sokamuturra; baita zesta punta jaialdi profesionala ere. Ez dira guztiak kirol ezagunak izango, ordea, izan ere, joko bitxirik ere antolatu dute. Esate baterako, ostiralean zezenekin jokatuko den futbito partida.

Jateko eta edateko aukera ere badago, izan ere larunbatean ardo beltz nafarra dastatzen ibili ostean, txerri errearekin egindako bazkariak izango baitu leku.

Jaietako egunak borobiltzeko kontzertu anitz antolatu dira. Guztietan entzutetsuena bihar gauekoa izango da, Gatibu taldearen eskutik. Gernikarrek, hain zuzen ere, urteko disko onenaren saria eskuratu zuten orain gutxi; beraz, jarraitzaileek hemen dute aukera aparta beraien musika zuzenean entzun eta gozatzeko.

Bi egitarau ezberdin hauekin aukera zabala, beraz, aurtengo Malen Jaietan eskainiko dena.

300 pertsona

Ehunka pertsonek izena eman dute jada ostiraleko herri bazkarian parte hartzeko. Halako harrera onaren aurrean, antolatzaileak pozik agertu dira, eta festa alternatiboetan parte-hartzea orokorrean ere tankera berekoa izatea espero dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo