GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Hendaiak gaztetxea badu, etxebizitza eta espazio kulturala

Hendaiako gazteek eraikin bat okupatu zuten uztailaren 11n. Lilen karrikaren 7. zenbakian kokatzen den etxea batzuentzat etxebizitza, besteentzat aterpetxe edo kulturgune izan nahi dena espazio libre gisa definitu dute. Herriko Etxearekin izandako alferrikako hartu emanen ondoren etxea okupatzea deliberatu dute.
p016_f01_149x101.jpg

Idoia ERASO |

Gaztetxea ez da bestarako gune soilik izateko helburuarekin sortu eraikina okupatu duten gazteek argiki aditzera eman dutenaren arabera. Horren seinalde dira iadanik landatzen hasi diren baratza eta bihar auzokideekin antolatu duten bazkaria. Polizia Nazionala Gaztetxeko arduradunak ikustera joan zen igandean, baina okupazioa legedi penalaren aurrean deliturik ez duenez ezin izan dituzte etxea okupatzen ari diren pertsonak kanporatu. Orain administrazio-tramiteak ari dira aurrera eramaten eraikinaren jabea aurkitu ahal izateko eta ondoren, jabeak horrela nahi izanez gero, gaztetxea desalojatu ahal izateko. «Guretzat ez da okupazio ilegala, bidezkoa da» azaldu zuen gaztetxeko asanbladako Mathieuk.

«Herriko Etxean dossier bat aurkeztu genuen eta udal hauteskundeetan oraingo auzapezak gaztetxea emango zigula esan zuen. Hitz-emandakoa betetzen ez zela ikusita etxe hau okupatzea deliberatu genuen» baieztatu zuen Mathieuk.

Gaztetxea bisitatzera joan nahi duen edonor joan daitekeela ere azpimarratu zuen asanbladak, horretarako larunbatean ate irekiak antolatu dituzte. Aurreko larunbatean aurkezpena egin zuten eta berrogeita hamar pertsona hurbildu ziren eraikina bisitatzera.

Gaur egun hiru pertsonen bizileku bilakatu da etxea. Horretaz gain pasaian den jendearentzako doako aterpetxea ere izatea nahi dute Hendaiako gaztetxea: «Eguneroko lanaren bitartez sinisgarritasuna lortu nahi dugu, horregatik baratzea eta oilotegia ari gara egiten». Etxea espazio librea izatea nahi dute, horregatik inguruko jendea baratzean ere parte hartzera gonbidatu dute, bai landatzera, baita etekinak biltzera ere.

Alde kulturala ere jorratuko dute asanbladakoek, nahiz eta oraindik zein eremu jorratuko diren ez den guztiz erabaki. Laburmetraien produkziorako eta erakusketarako toki izatea proposatzen da. Hitzaldiak eta eztabaidak ere antolatu nahi dituzte. Musika alde batera utzi gabe kontzertuak ere eskeini nahiko lituzkete, nahiz eta horrek egungo etxearen egiturarekin zenbait arazo ekartzen dituen.

«Ez dugu zabalkundean bakarrik lan egin nahi, produkzio tokia ere izatea nahi dugu. Horregatik kontzertuak antolatzen baditugu entsaiatzeko lokalak ere jarriko ditugu eta hitzaldiak esaterako partehartzaileak izatea nahi dugu» esan zuen gaztetxeko partaideak asanbladaren filosofia azaltzeko. Kultur etxeetan edo bestelako egituretan egiten diren ekimenetatik ezberdintzeko zabalkunde zaila duten ekimenei tokia uztea dute helburu.

Eraikin ederra

Eraikina, garai bateko harrizko etxe ederra, hondartzako auzoan dago kokatua. Urteak dira inor ez dela bertan bizi. Duela bi urte salgai zegoela adierazten zuen kartel bat zegoen sarreran kokatua, baina geroztik ez da bestelako mugimendurik izan. Orain aldiz euskaraz eta frantsesez «Etxebizitza ukatea luxu bat delarik okupatzea eskubidea» jartzen duen kartela ikus daiteke Lilen karrikatik pasatzean.

Gazte taldeak eraikina okupatu zuenean irekia aurkitu zuen eta horregatik delitu penalik ez dagoela adierazi dute. Bertara sartzean beraien etxebizitza ezarri zuten, beraz poliziak ez du bertara sartzeko eskubiderik. Orain administrazioaren bidea zabalduko da eta horrek hartuko duen denbora zenbatekoa izango den ezin da aurrikusi.

Eraikina barrutik hutsa aurkitu zuten gazteek eta orain arte barrutik zein kanpotik garbitzea deliberatu dute, inolako hondaketarik egin gabe. Lorategian barazkiak eta fruituak landatzeaz gain, komuna idorrak ere ari dira egiten, laster erabiltzeko moduan izan daitezen.

Hendaiak bere historian duen laugarren gaztetxea bilakatu da Lilen karrikakoa. Hendaiako gaztetxea izan zen lehena, ondoren Lantzen etorri zen eta duela urte batzutararte gazteak elkartzeko tokia izan zena Bazen garaia zuen izena.

dinamika

«Zerbait erradikala egin nahi genuen esperientziaren bitartez jorratzen dena, ez dugu ezarri diguten bidetik jarraitu nahi. Zereginik ez duten gazteak gaztetxera hurbildu eta dinamika bat atzematea nahi dugu» azaldu zuen asanbladako Mathieuk.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo