GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Garaiko erbesteratze latzena, 1936ko guda, hizpide Iruñean

Estatu espainolak indarrez jendea kanporatzea ohiko jarduna izan da, aro garaikidean suertatutako aldaketa politikoak zirela medio, etengabeko erbesteratzeak izan ziren. Hala azaldu zuen atzo Josu Chueca historialariak UEUko ikastaroetan.

p018_f02.jpg

Izaro ARBILLA

Aro Garaikidean izandako deserriratze bortitzena, bai kopuruagatik, bai gizarteko esparru gehienetan eragina izateagatik, 1936-1939ko gudaren ondorioz izan zen.

Atzo hasi ziren UEUko Iruñeko ikastaroak, eta Josu Chuecak garaiko erbesteratze latzenaz ikuspegi orokor bat emateko hitz egin zuen bertan.

1936ko gudak ekarri zuen deserriratzea «anitza eta zabala» izan zen, haren esanetan, gizarteko esparru guztiak ukitu zituelako: intelektualak, politikariak, langileak, nekazariak... Luze jo zuten gainera, guda amaituta ere, diktadura frankistan nagusitu zelako. 1936. urtean hasi ziren mugimenduak, frankistek lekua hartzerakoan. Erbesteratze horiek ez ziren beti zuzenak, «ttanttaka» hasitakoak ziren, horrela Nafarroatik Gipuzkoara joaten ziren, eta ondoren, frankistak hara heltzerakoan erbestera, normalean Estatu frantsesera.

«Isildutakoa agerian jartzen»

Udako Euskal Unibertsitatea, hain zuzen ere, erbestean jaiotako erakundea izan zen eta xedea euskara hutsez aritzea zuen.

Ikastaro honen bitartez, Gerra Zibilaren osteko erbesteratze mugimendu jendetsu bezain zabalari buruzko historia hurbiltzea izan du helburu. Ikuspegi historiografikotik abiatuz, historiak askotan baztertu dituen gaiak jorratzea ere bai, baztertuta geratu diren hainbat eremu aztertzea.

Datuak ematea zaila dela aitortu arren, «egun ez baitakigu zenbat geratu ziren», badira gerturatzen gaituzten datuak. Javier Rubioren izena aipatu zuten ikastaroan, eta honek sortutako datu-taularen arabera, Gerra Zibilaren ondorioz 684.000 pertsona erbesteratu zituztela, miliziano, ume, emakume, adineko, gazteak...

Gehienek Estatu frantsesera egin zuten alde, bertan Fronte Popularra baitzegoen agintean, baina hasieran, «ez dira pasako» esan arren, azkenean kontzentrazio esparruetan sartu zituzten; «ez zeuden preso, baina bai gatibu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo