GARA > Idatzia > Kirolak > Futbola

REAL UNION Bigarren Mailan berriro 45 urteren buruan

Erronka berriari ekiteko aurreneko lanaldia Irunen

Gorka Brit aurrelari gipuzkoarra fitxatu dute irundarrek. David Karanka, aldiz, laster irtengo da taldetik.

p037_f01_148x096.jpg

GARA | IRUN

Bigarren Mailara igotzea hainbeste kosta zaio Real Unioni, 45 urte, hain zuzen. Hala, ilusioa eta aurpegi alaiak nagusi ziren atzo, Bidasoako taldeak denboraldiaurre honetan egindako lehen entrenamenduan. Bi orduko saioa izan zuten Gal estadioan elkarturiko 23 jokalariek.

«Marko berri baten aurrean gaude. Baloia bera ere ezberdina da, baina batez ere ilusioa da goitik behera aldatu zaiguna», onartu zuen entrenamenduaren ostean Iñaki Alonso, Real Unioneko teknikariak. «Jendea sasoi onean iritsi da, baina beste edozeren gainetik gogotsu ikusi ditut jokalariak», adierazi zuen.

Horien guztien artean Gorka Brit aurrelaria falta zen. Atzo azken orduan egin zen publiko 31 urteko jokalari gipuzkoarraren fitxaketa. Numantzian minuturik ez, eta urtebeterako etorri da Irunera. Bere kontratua bigarren urte batez luzatzeko aukera izango du Britek. Berau da uneotan, irundarren hirugarren fitxaketa, Deskarga eta Duranen ostean. Milos Dimitrijevic serbiarra, berriz, probaldian ari da irundarrekin. Grenoble taldetik dator jokalari hau.

David Karankarentzat, aldiz, beharbada azkena izango da atzoko saioa. Gasteiztarrak beste bi urteko lotura du Bidasoako taldearekin, baina badaki Alonsok ez duela gustuko, are gutxiago Gorka Brit taldean dela.

Paul Abasolo

Athleticekin fitxatzear egon zelarik, protagonista izan zen atzo Paul Abasolo. Durangarrak nolabaiteko desilusioa onartu zuen zuri-gorriekin jokatzeko aukera zapuztu zelako, baina Bigarren Mailan jokatzeko ere gogotsu azaldu zen.

«Athleticen jokatzeko aukera zapuztu arren, hemen gustura nago eta motibaturik. Denboraldi honi ekiteko ilusioa sobera dut eta itxaropenez gainezka nago. Athleticek ez banau nahi, berak jakingo du zergatik. Nik neuk ez diot Athletici zertan ezer erakutsi».

denboraldiaurrea

Osasuna B izango da lehen aurkaria, abuztuaren 3an. Gero, Santanderreko Racing, hilaren 8an. Lanzaroten jokatuko du 14an; Realaren aurka 15ean, eta Osasunaren aurka 18an. Eta azkena hilaren 23an, Eibarren aurka.

fitxaketa

Azken orduko albistea izan zen atzo, Gorka Brit, 31 urteko aurrelaria, Real Unioneko jokalaria izango dela. Taldearekin urtebeterako kontratua sinatu du Britek, baina beste urtebetez luzatzeko aukera ere izango du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo