GARA > Idatzia > > Kultura

Ibarrako ezker abertzaleak kultur ondarea zaintzeko galdegin dio Udalari

GARA | IBARRA

Ibarrako Udalak Aranzadi Zientzia Elkartearen esku utzi zuen udalerriko kultur ondarearen inbentarioa egitea 2004an. Aranzadik Ibarrako ondare horri buruz eginiko dokumentuak 58 elementu hartzen ditu bere gain. Hainbat elementu aztertu ondoren, eta ofizialki ezarritako babes mailak kontuan harturik, bi kategoriatan banatu zituen: Oinarrizko Babes Mailan eta Aparteko Babes Mailan. Lehenengoak, babes neurri honetan sailkaturiko ondasunetan lanen bat burutzen bada, eraikinean hala seinalaturiko elementuak errespetatzea gomendatzen du, eraikinaren bolumetria eta kanpoko itxura eta distribuzio eta oinarrizko egituraren osaera errespetatuz.

Bigarren babes mailak, berriz, obraren bat egitekotan Zientzia Zaharberritzea eta Mantentze Zaharberritzea izatea gomendatzen du; hau da, egiten diren ekintzek eraikinaren egitura eta ezaugarriak errespetatzea, diseinu berririk gehitu gabe.

Ezker abertzalearen arabera, «gure ondarea zein den zehazki jakitean, herriko agintariak ondare horren bermatzaile izan beharko lukete, era berean ondare horren mantentzeaz eta balorea emateaz arduratuz eta herritarrei haren balio kulturala ezagutaraziz».

«Udal bandalismoa»

Ezker abertzalearen arabera, azken bi urteetan Udalak, «geure kultur ondarearen bermatzaile izan beharko lukeenak, alde batera uzteaz gain, suntsitu ere egin ditu Oinarrizko Babes Maila zuten Txontxo eta Donperu baserriak, baita errekan zegoen harraska ere». Horregatik guztiagatik eta «Udal bandalismo» horri amaiera jartzeko, gero eta urriagoa diren kultur ondasunak zaintzeko beharrezko neurriak har ditzan galdegin zion.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo