GARA > Idatzia > > Kultura

Jazzaldia prest da aurtengo egoera zailari musikaz aurre egiteko

Krisi garaiak bizi ditugun honetan zalantzaz beterik dator jazza baino askozaz gehiago eskaini ohi duen Donostiako jaialdia. Trinitate plaza berreskuratzen duen Jazzaldia bihar hasiko da, eta igandera bitarte, dagoeneko itzal ikaragarria egina duten musikarien jardunaz gain, Zurriola inguruan makina bat doako emanaldi ere aukeran jarriko ditu.

Anartz BILBAO | DONOSTIA

Donostiako 44. Jazzaldiak bihar ekingo dio musika jotzeari, jazz doinuez egungo krisi garaiak arintzeko asmoz. Iragarri bezala, aurtengo jaialdiak egun bat galdu du (2 milioi euroko aurrekontutik, 1,6 milioira murriztu da), Miguel Martinek esan bezala, «egungoa urte gogor eta arraroa baita». Lanpetuta aurkitu genuen atzo Jazzaldiko zuzendaria, jaialdiko prestaketetan buru-belarri, «azken iragarpenen arabera, gaur enbata datorren arren». Dagoeneko Kursaal inguruko azpiegitura muntatzen hasia da lantaldea (lau egun aurretik hasten da), eta aurretiaz ekidinezinak diren «oztopo hauek asko zail dezakete lana».

Iragarritako egitarauari so, eta ezagun denez, Joao Gilbertok ez du Donostian egoterik izango, ezta Mari Boinek ere. Honen ordez, «Nils Petter Molvaerrek joko du Agertoki Berdean». Goizaldean Victoria Eugenian aritu beharrean, hondartzan eta doan joko du, beraz, elektrojazzaren aitzindari den norvegiarrak.

Taldeak aipatzen hasita, eta zirrara sor dezaketen zuzenekoez galdetuta, «bi talde norvegiar ikusteko ilusioa dut» egin digu aholkua. «In The Country bata, egitarauak oharkabean ageri duena, eta Chillida-Lekuko Arild Andersenen hirukotea bestea. Talde eta kokapen bikaina, eguraldiak lagunduz gero, zoragarria izan daitekeena». Jazz-jazz kontzertuei dagokienez, «Hank Jonesen hirukotearenak beharko luke aurtengo kontzertu handia. Piano-jotzaileak 91 urte ditu, «baina sasoi betean dago». Eta talde berrien artean, «Black Joe Lewisena polita izango da».

Pitingo flamenko kantariak ere zapalduko du Trinitateko oholtza, zeresana eman duen kontzertuan. «Harritu egin nau kalapitak. Plaza berean Carlinhos Brown onartu zutenek ez dute Pitingo onartu nahi, antza. Eta ez da ahaztu behar musika beltzera hurbilketa duina egin duela flamenko kantariak». Jaialdiak eklektikotasuna izan du beti ardatz, eta Martinek dioenez, «dibertsitatea balore bat dugun heinean, ortodoxiak ezin du lehentasuna izan, eta gure apustua dibertsitatean dago».

Salneurriak gora

Sarrera salmentak aipatuta (kontzertu batzuetako -Orquesta Buena Vista Social Club orkestrarena kasu- sarrerak agortu dira, eta beste batzuen salmenta oso motel doa), «arraro samar dago giroa» aitortu digu Martinek: «baina urte osoan zehar ere horrela ibili izan da, Kursaaleko egitaraua esaterako, nahiz eta gero kontzertu batzuetan sarrerak agortzea lortu dugun». Eta sarrerak garesti iritzi zaizkigula bota ostean (Animal Collectivek 40/48 euro balio ditu eta James Taylorrek gehiago, aretoa betetzear den arren), «zenbait musikariren cacheak ere horrelakoak dira, garestiak oso» ihardetsi digu bizkor, salneurriak artisten lansariaren araberakoak direla gogoraraztearekin batera.

Jazzaldiak aurten Trinitateko oholtza berreskuratu du. «Beharrezkoa genuen. Izan ere, ondo dago antzoki eta auditoriuma, baita hondartza eta terrazetako giroa ere, baina erdibideko gunea, jaialdia definitzen duena, lortzen dugu plazarekin: sarreraduna baina zenbakitu gabea, aldi berean itxia eta irekia».

JAZZALDIA SARIA

Donostia Jazzaldia Saria Roy Haynesek jasoko du aurten. Jazzaren mito, 83 urteko bateria jotzailea 1983an ere izan zen Donostian, eta handienekin jo izan du: Lester Young, Stan Getz, Bud Powell, Coltrane, Miles Davis, Thelonious Monk, Sonny Rollins, Dizzy Gillespie...

Bihar

Victoria Eugenia:

18.30. Dave Douglas & Brass Ecstasy. 20 euro.

0.00. Micah P. Hinson. 20 euro.

Kursaal: 21.00. Brad Mehldau. 20/24 euro.

Altxerri: 0.00. Gabacho Connection. 10 euro.

Be Bop: 0.00. Ortophonk.

2.00. Floro Dj. 10 euro.

Trinitate plaza «Trinijazz» bihurtuko da berriro

Inguruko konponketa lanak medio, horren maitea den plazatik urruti izan dira Jazzaldiko agertokiak azken boladan. Aurten baina, Trinitate plaza berreskuratu eta bina talderekin lau zuzeneko izango ditu bertako oholtzan Donostiako jaialdiak. Etzi Esperanza Spalding eta Randy Westonen boskotea izango dira bertan. Ostiralean berriz, Joe Lovano saxo jotzailea eta aurten Jazzaldia Saria jasoko duen Roy Haynesen hirukotea (bata zein besterako sarrera ugari dira oraindik salgai, 30 eurotan).

Larunbatean Perico Sambeat eta Pitingo flamenko kantariak hartuko dute oholtza, kalapita sortu duen zuzenekoan. Trinitate plaza Melissa Laveaux eta Jamie Cullumek itxiko dute igandean, orain arte eta aurretiazko salmentan, arrakasta gehien izan duen zuzenekoan, nahiz eta oraindik badiren sarrerak salgai (40 eurotan).

A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo