GARA > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa

Joxe Iriarte «Bikila» Idazlea

Arrazakeriaren inguruan hausnarrean

Badirudi Errenteria-Oreretako Iztieta auzoko egoera baretzen eta «normalizatzen» ari dela. Hobe horrela! Dena den, gai horren inguruko ika-mika edo eztabaidaren haritik tiraka gauza asko azaldu dira gehixeago jorratzea merezi dutenak. Arazoaren erroak eta hostoak. Krisialdiro, gurean bezala ia toki guztietan gauza bertsua gertatzen da; 80ko hamarkadan gertatutakoaz gogoratu besterik ez dago. Orduan ere, Iztieta bezalako Euskal Herriko auzo langile gehienetan, droga zela edo beste edozein arazo zela, batzuk «ijitoei», «yonkiei» edo «punkiei» leporatzen zieten auzoko elkarbizitzaren gainbeheraren errua; alegia, sintomei ematen zitzaien garrantzia, gizartea jasaten ari zen krisi-gaixotasunari baino gehiago. Orduan ez zegoen etorkin magrebtarrik, krisiak astinduriko bertako (edo inguruetako) giza-gaixoenak baizik. Ezkerrekook, garai hartan gaur baino aktiboagoak eta eraginkorragoak ginen eta, akatsak akats eta zailtasunak zailtasun (gaur bezala), erroetara joaten saiatu ginen. Arazo horiek xenofobiaz edo arrazakeriaz (edo bestelako jarrera «anti» laidogarriez) xaxatzea, suari gasolina botatzearen parekoa delako. Herritarrok ateratzen baikara beti galtzaile horrelakoetan.

Krisi hura modu kapitalistan «gainditu» zen; alegia, hainbat lantegi desegin ziren, eta langile asko erretirarazi zituzten edo langabe kroniko bihurtu ziren. Susperraldi ekonomikoaren baitan, dena berregituratu zen, eta lanpostuek gora egin zuten, gehienak aldizkakoak baziren ere. Baina, lanpostuak eta dirua gora zihoazen heinean (baita kreditu sistema ere, kontsumo maila handituz, edozeinek zuelarik automobilak berritzeko edo espekulazioak puzturiko etxebizitzak erosteko gaitasuna), salbuespenak salbuespen, ez zitzaion ikusten arrisku gehiegi hazkunde mota hori. Sindikalistak, ekologistak, ezker muturrekook -dena den gutxiengo nabarmen bat- izan ezik, denak pozik. Baina hazkunde ekonomiko horrek beste toki batzuetan (Hirugarren Munduan) izugarrizko triskantzak egin zituen, hangoak bizi ahal izateko gurera etortzera behartuz. Etorkinen kopurua erruz handitu zen; baina lana zegoen bitartean, eta batez ere bertakook nahi ez genituen lanak hartzen zituzten bitartean, arazorik ez.

Alabaina krisiak astindu gaitu berriro, eta nola gainera! Lana galtzeak miseria zabaldu du, batez ere etorkinen artean (lehenak baitira lantegietatik kanporatuak izaten), eta pobrezia azal eta hizkuntza desberdinez jantzi da, eta kale gorrikoen presentzia asko nabarmendu da langile auzoetan eta laguntza soziala ematen den tokietan. Halaber, modu esponentzialean egin du gora urduritasunak, egonezinak. Eta xenofobiak eta arrazakeriak ere bai.

Etorkinak errudunak? Eztabaidan entzunak eta irakurriak. A.- Etorkinak pilatzen diren auzoetan, etxebizitzen prezioek behera egiten dutela eta, beraz, bertakoen ondareek ere bai (hori saltzekotan dagoenaren ikuspegitik, jakina; erosteko dagoenaren aldetik berriz?) Alabaina, begi-bistakoa da etxeen (gain)balioaren beherakada higiezinen burbuilaren eztandaren ondorio dela, etorkinena bigarren mailako faktorea izanik. Joko horretan sartu zirenek (langile asko, tartean) nori leporatu beharko liokete erantzukizuna, etorkinei edo espekulatzaileei? Zer esanik ez, garraio azpiegiturek, makro-obrek eta industria kutsatzaileek sortzen duten etxe eta auzo askoren balio galeraz. Oso erraza da auzoaren gainbehera etorkienei leporatzea; kapitalismoari kontuak eskatu eta garapen suntsitzailearen nondik norakoak azaltzea zaila eta konplexua gertatzen zaigu, ordea.

B.- Etorkinen (ustezko) «masifikazioa» dela eta, galera ekonomikoaz eta segurtasun ezaz gain, kulturarekiko, ohiturekiko edota hizkuntzarekiko kezka ere zabaltzen da. Azterketa guztiek diote uste baino askoz etorkin gutxiago dagoela gurean, nahiz eta haien lokalizazioa edo fokalizazioa desberdina izan (Errenteriako Iztieta auzoa kasu). Zergatik sortzen da pertzepzio edo uste faltsu hori, eta batez ere kezka?

Izan ere, masifikazio hori askoz eraginkorragoa eta eraldatzaileagoa da Mediterraneo aldean, non herri eta urbanizazio asko ingelesez, frantsesez edota germaniarrez (eta baita arabiar dirudunez; baina hauek inoiz ez dira «moro»-tzat hartuak, «jekeak» baitira) nagusi egin baitira. Beren tabernetan eta dendetan beren hizkuntzaz aritzen dira, inongo lotsarik edo konplexurik gabe, sarrerako iragarkietatik hasita. Ez dakizula ingelesez? Zure arazoa da, ez beraiena. Eta bertakoak haien morroi bihurtzen dira, eta pozik gainera, horrela lana omen dute eta. Alegia, toki horietan bertakoen morrontza eta menpekotasuna barneratu egiten da, turistek (batez ere egonaldi luzekoek) lana eta aberastasuna ekartzen omen dutelako. Eta beren hizkuntza ikasi behar bada, ikasi egiten da, nola edo hala, eta kito. Gainera, morroi bilakatu horiek kapatazen subjektibitatea hedatzen dute: apala eta mantsoa jabeen aurrean, harroa eta bortitza beren mailaren azpitik daudenekin. Batez ere «etorkinak» baldin badira. Arrotzak eta arrotzak daude eta!

Benetako erantzulea. Globalizazio kapitalista da ezbairik gabe egungo etorkin joan-etorrien erantzule nagusia, eta baita mundu osoan hizkuntza nagusi baten -ingelesaren- bultzagilea. Are, ohituren (janzkerak, janariak, portaerak) aldaketaren erantzulea. Baina horiek denak, batzuen ustez, aurrerabidearen, garapenaren, eta ez dakit zenbat topikoren aldarean eskaini beharreko sakrifizioak lirateke. Askorentzat, gainera, ez dira sakrifizioak, irabaziak, mozkinak, etekinak baizik. «Presta gaitezen globalizaziorako! Izan gaitezen lehiakorrak!» da instituzioetatik eta sektore batzuetatik datorkigun leloa eta aldarria (hemendik aurrera ikusi egin behar). Baina etorkinei zer nolako harrera prestatu zaie? Nola prestatu gara haiek gure baitan hartzeko? «Erabili eta botatzeko» mukizapi bezala ikusten ditugu etorkinak ala Euskal Herri anitz baten partaide bezala? Lagun batek dio, azken finean, denok garela zuritzen edo zurbiltzen joan garen jatorri afrikarreko gizakiak. Egia da hezkuntzan eta osasungintzan egin direla ahaleginak, baina aski al dira?

Etorkinak gurera egokitu behar direla? Jakina. Nola ordea? Beraiena ukatuz? Eta gure aldetik ez al dago ezer egiterik ahalik eta hobekien «egokitu» daitezen? Jarri al dira bitartekoak beraiek ere kultura eta ohitura arloan eman dezaketen onena eman dezaten, guk ere jaso ahal ditzagun? Ez al dugu beraiengandik zer ikasia? Integrazioa eta aniztasuna ez al da bi noranzkoko harremana?

Hizkuntza eta kultura arloan, ni ziur naiz, arazoak arazo, euskaldunon kaltea ez datorrela gaurko etorkinen aldetik. Adibide bat jarriko dut Errenteriako Mikelazulon ikasi dudanaren eskutik. Zein aberasgarria eta gozagarria zinema arloan, poesia eta literatura arloan izandako lankidetza. Bertatik pasatzen diren etorkinek beren arrastoa uzten dute, eta aldi berean euskaltasuna arnasten dute.

Bukatzeko. Gure begitatik sartzen zaigunetik zerk egiten digun min eta zerk ez. Egia da inori ez zaiola gustuko ingurua zarpailez beteta ikustea (niri ere ez), horrek egonezina eta beldurra sortzen baitu; baina inor gutxiri egiten die begietan min inguru-marietako luxuak eta aberastasun ezaugarriek: txaletek, urbanizazio itxiek eta abarrek. Pobrezia itsusia egiten zaigu, batez ere beste koloreko azalez eta (probetxuzko omen ez diren) hizkuntzez jantzita agertzen badira. Niri, berriz, izugarrizko amorrua eta egonezina sorrarazten didate hain txukunak eta seguruak (askotan zaintzaile pribatuek zainduta) ageri diren auzo, urbanizazio eta herriek. Oso argi baitaukat hain gaizki eratua eta banatua dagoen aberastasunaren iturria bertako langileen eta Hirugarren Mundukoen bizkar sortu dela. Batzuen asea, askoren gosea. Estetika ere, askotan, arrazista eta klasista da.

Hauek nire gogoetak Pirinioetako mendietan barneratzeko bezperan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo