Ariane Kamio Periodista
Jazzaldi pobrea, Jazzaldi aberatsa
Udak gurutzatu du udaberriko muga eta berarekin batera ekarri ditu ohiko bero sapak, musika egarriaren pizgarri fidel. Bero gehiegi egiten duen seinale-edo, itolarriak jota dabiltza jaialdi gehienak, poltsikoan egin dieten zuloak eskaintzen dien aire egokitu zerbitzuaren esanetara egon beharrean daudela.
Zuloa eta galanta gainera Donostiako Jazzaldiak urte batetik bestera ireki duena. Bi milioi euroko aurrekontua 1,6 milioira jaitsi zaio edizio honetan; erronka, beraz, urterokoaren bikoitza izan da, xahutzeko diru gutxiagorekin. Egoera horrekin, murrizketak beharrezkoak dira. Matematikek ez dute engainatzen eta dagoenarekin konformatu behar. Inaugurazio jardunaldian egin ohi den Jazz Band All jaia atzean utzi behar izan du, eta horri gehitu zaizkie Joao Gilberto eta Mari Boine gonbidatuen huts egiteak.
Kalitateari muzin egin gabe, ordea, eskaintza abaniko zabala bildu du Jazzaldiak eta, sinbolo batzuk baztertu baditu ere, beste batzuk berreskuratzen saiatu da, Trinitate plaza kasu, urte askoren ondoren jaialdiko agertoki berreskuratua.
Altxerrirekin batera, Jazzaldiko nahitaezko geldiune izan da Be Bop taberna eta bere 25. urteurrenerako antolatu duen jazz egitaraua izango da heldulekuetako bat. Nahitaezko bisitaleku dira, baita ere, Kursaaleko terrazak, udako gauen itsasertzeko musikari, ehunka lagunen topaleku.
Sarreren salmentak hego haizearekin bat doazela aitortu zuen astelehenean Miguel Martin Jazzaldiko zuzendariak, «arraro» omen dabil kontua, urte osoan bezala, baina nork daki, haizeak nohizean behin norabidez aldatzeko joera ere izaten du-eta.
Iragarpenen arabera, eguraldiak ez du atseden handirik emango, beroaren poderioa izango da, gaur behintzat, Donostiako gainean nagusituko dena. Galernarik ez dezala altxa behintzat, nahikoa gora-behera ekarri ditu-eta aurtengo urteak. Hala ere, begirada optimistarik ez da kasik ikusten, eta gehienak udako ekaitzei so dira, parez pare. Zinemaldia ere zipriztinduko ote dute? Udako azken asteak esango du.