Mix Master Mike New Yorkeko DJ ospetsua, Festilasai jaialdian
Uztailaren 25ean Biarrizko La Negresse auzoan izango den Festilasai jaialdiak hiriguneetako kulturak bilduko ditu egun bakarreko jaialdi batean. Skate/roller erakustaldiekin hasi ondoren, musika doinu askotarikoak entzuteko aukera emango du ekimen honek.Ainize BUTRON | BIARRITZ
Biarrizko Mizanbu Gaztetxea eta Alai deitu skate parkea elkarturik, Festilasai jaialdia bultzatu zuten duela lau urte, gazteei kalitatezko ekimena prezio apalean eskaintzeko xedearekin. Hiriguneetako gazteei zuzendua, lerratzeari loturiko kirolak eta musika doinu modernoak egun bakarreko jaialdian batuko ditu ekimenak. «Egitarau erakargarri eta kalitatezkoa eskaini nahi izan dugu, era askotako musika kontzertuak azalduz», argitu zuten ekimenaren antolatzaileek. Uztailaren 25ean, beraz, Biarrizko La Negresse gunean egitekoa den Festilasai jaialdia arratsaldeko seietan abiatuko da, roller eta skate erakustaldiekin. Horretarako, diziplina horietako Estatu frantseseko lau profesionalen parte-hartzea izango dute. Bi orduz arituko dira Biarrizko Skate Parkean demostrazioak egiten, eta aldi berean, Biarrizko DJ Madgic eta Lioneko Zajazza DJ izango dira giroa hobetzen.
Kontzertu adierazgarriak
Azalpen horietatik at, arratsean izango da Festilasaiko egitarauko ekimen nagusia. «Aurten indar berezia egin nahi izan dugu egitarauaren aldetik», adierazi zuen Brice Morin Festilasai elkarteko lehendakariak. Eta, horren lekuko, gauean azalduko den Mix Master Mike DJ. Beastie Boys New Yorkeko musika talde ospetsuan aritu izana, egungo nazioarteko DJrik ospetsuenen artean dago.
New Yorketik datorren musika elektronikoaren figura nagusi hori agertu aitzin, lekuko taldeak izango dira nagusi. Arratseko zortzietatik goiti, soul, hip hop eta slam doinuak bilduko dituen JLS taldea, Sister Simone and the holy balls rock eta blues taldea, eta, Rage against the Machine taldearen musikak birmoldatzen dituen Mage Against the rachine taldeak izango dira.
Festilasai jaialdirako sarrera hamar eurotan finkatu dute antolatzaileek. Iaz bostehun bat lagun elkartu zituzten, eta aurtengoan, egitarauaren kalitatea kontuan harturik, hori bikoiztea espero dute.
Musika eta Skate/roller erakustaldiekin batera, txoko bat finkatua dute bertako elkarteentzako, hala nola: Munduko Medikuak, Col hors Toi edo Gurutze Gorria izango dira, baita Zurekin elkartea ere, taloak eginez.