GARA > Idatzia > Iritzia > Azken puntua

Maider IANTZI Kazetaria

Uda eta negua nahasi baino lehen

Sekulako euri zaparrada hasi du, eta gidariari gelditzeko eskatu eta tximista baino azkarrago atera da Federico furgonetatik. Bertzeek segitu egin diote. «Gereziondoa! Gereziondoa estali gabe dago!», oihukatu du zaharrak estututa, eta lurrera erori da. Denen artean indarra egin eta sokari tiraka eta tiraka plastiko bat zabaldu dute zuhaitzaren gainean. Gereziondo bakarra izateaz gain, Federicoren herriak badu bertze berezitasunik: jendeak ez du kanpoan arroparik zabaltzen eta Interneten txateatzen duten gazteek kalanbrea ematen dute. Asturiasko nekazal inguru horretan, ohituta daude etengabe «uuuuuu...» zarata aditzen, barazkiak itxuragabeak dira, eta espermatozoideak ere erdi zimelduta daude! Denek dakite zerk eragiten dituen kalte horiek, baina Federico burugogor eta xarmanta bakarrik borrokatzen da aho erraldoietatik laino beltz gehiago atera ez dadin. Gainerakoek ez dute sinesten zentral termikoa ixtea lor dezaketenik eta, gaitzetsi arren, alde onik ere ikusten diote: lana eman die. «Cenizas del cielo»n bezala, gure inguruan ere makina bat lagun ari da natura babesteko sokari tira eta tira, proiektu txikitzaileak geldiarazi nahian: AHT, erraustegiak, Itoitz, Garoña, superportuak, Bardeetako gerra eremua... Eta, gurean ere, hasierako kolpea edo beldurra pasata, gehiengoak onartu egiten du dagoena, aitzinera egiteko ingurumena hondatzea eta jendea mintzea ezinbestekoa balitz bezala, dena bertzeen esku balego bezala. Badira, ordea, bertze mundu bat eraiki daitekeela konbentzituta daudenak, zuhaitzak mimatu eta besarkatzen dituztenak, garapenaren aurkakotzat hartzen badituzte ere, inor baino aurreratuago daudenak, urrunago ikusten dutenak, negua eta uda nahasi aitzinetik ezinezkoa aldatzen saiatzen direnak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo