GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Hendaiako auzapezak «aireportuaren arriskua bertatik egiaztatzera» deitu du

Kezkatua azaldu zen oso Jean-Battit Sallaberry Hondarribiko aireportua handitzeko asmoa dela-eta. Bi Estatuen arteko ituna errespetatu ezean, hendaiarrentzat «kalteak areagotuko» direlako uste osoa du. Ahaleginak eta bi egiteko prest dago proiektua gauzatu ez dadin.

p016_f02_148x108.jpg

Arantxa MANTEROLA |

«Hondarribiko aireportuan izandako hamaika gorabeheren gainetik, arriskutsua ez dela esaten duten horiei guztiei Hendaiara etor daitezela eta benetako egoera bertatik egiazta dezatela eskatuko nieke», esan zuen atzo, Jean-Battit Sallaberry Hendaiako auzapezak herriko etxean egindako agerraldian.

Aireportuaren luzapenaz Madrilgo eta Lakuako agintariek hartu berri duten erabakia prentsaren bidez jakin zuela adierazi zuen, inork aldez aurretik abisatu ez izana deitoratuta. Alta, proiektuaren nondik norakoak zuzenean jakin arte ez du bere iritzia azaldu nahi izan. Horrela, Irungo eta Hondarribiko auzapezekin harremanetan jarri ostean, eta egitasmoa zertan datzan jakin duenean, Sallaberryren hitzetan, Udalak lehendik zituen kezkak areagotu besterik ez dira egin.

Haren ustez Hendaiako herrikideak «etengabe arrisku bizian» jartzen ari dira. Haien segurtasunaren «arduradun nagusia» bera izaki, «egitasmoa gauzatu ez dadin» eta 1992ko martxoko bi Estatuen arteko akordioa behingoz errespetarazteko ahaleginak eta bi egingo dituela gaineratu zuen.

Bilkura eske

Bera orain urte eta erdi hautatua izan baino lehen, Udalak hainbatetan salatu zuen egoera. Sallaberryk ere behin baino gehiagotan interpelatu ditu prefeta, Michele Alliot-Marie ministroa, Busserau Garraio ministroa; baita gaiaz arduratzen den aldebiko Gobernu Batzordea bil dadila eskatu ere, azkenekoz apirilaren 3an. «2007an Baionan egindako bileraz geroztik ez da bildu Batzordea, bilkura horretan gutxienez urtero bildu beharko liratekeela erabaki zuten arren. Agindu, agintzen digute laster bilduko dela, baina hitza jaten dute eta bitartean agintari espainolek aurrera daramate beren egitasmoa», esan zuen haserre auzapezak.

Sallaberryk ez du ulertzen orain hartutako erabakia: «2006tik hegaldietako lobbyak presioa egiten ari dira. Lehen onargarria ez zen proiektu berbera aurkezten digute gaur, baina oraingoan segurtasunaren argudioan oinarrituz. Ulertezina da». Bere iritziz, «interes politiko» zehatzei erantzuten dio pista luzatzearen erabakiak, baina «bakoitzak bere ardurak hartu behar ditu, eta hori, hondamendi bat gertatu baino lehen».

Udalak hartuko dituen ekimenen artean, Parisko Administrazio Auzitegiaren ebazpenari helegitea jartzea, eta urria baino lehen bere eskaerek erantzunik ez badute, zigor-jurisdikziora joko du dagokionaren aurka salaketa jarriz hendaiarrak arriskuan ipintzeagatik. Hautetsiak, Garraio ministroa, Eurohiriaren bilkurako partaideak -gaur bertan-, eta Txingudi Partzuergokoak -hilaren bukaeran- interpelatuko ditu Sallaberryk, eta ez du bartzertzen, erasandako beste herriekin batera, kalera ateratzea.

Bien bitartean Berdeek aireportuaren itxiera exijitu dute «arriskutsua delako herritarren osasunerako eta kaltegarria ingurumenerako». SEO/BirdLife taldeak, bestalde, «ez du ulertzen bereak eman dituen azpiegitura baten eragingarritasunaren bila politikariek duten egoskorkeria», eta kezka agertu du Jaizubia eta Plaiaundiko hezeguneetan, eta oro har, Txingudiko badian izango lukeen eragin kaltegarriaz.

ZENTZUZKOA

Sallaberryk salatu du hendaiarrek pairatzen dutela hegaldiek eragindako kaltearen %70. Ez du «logikoa» ikusten, eremu hain txikian bost aireportu izatea, «alde bietan azpiegitura sendo bana ezartzea zentzuzkoagoa litzateke».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo