GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Txakurrek etxeko berotasuna sentituko dute jabea urruti izan arren

Maskota bat edukitzea askorentzat buruhaustea izaten da oporrak antolatzeko orduan. Orain, txakur eta katuei bereziki zuzendutako hotelei esker, jabeak oporraldia lasai egiteko aukera dauka, bidaiak iraun bitartean animaliak beharrezko zaintza guztiak jasoko dituela jakinik.

p021_ona.jpg

Oihane LARRETXEA

Lanbide honetan aritzeko dohain berezi bat eduki behar da. Oinarrian animaliak maitatzea eta hauek ulertzea da. Baina eguneroko zainketaz gain, bestelako arretak dira garrantzitsuenak animaliak tratatzeko orduan. Hala dio Izaskun Ibargurenek. 1991. urtean ireki zuen anaia albaitariarekin batera Manterola txakur eta katu hotela, beraien esanetan, ase gabe zegoen eskari bati erantzuna emateko asmoz. Gaur, hemezortzi urte geroago, etengabe hazten ari den merkatua omen da, zerbitzuak hobetuz eta garaira egokituz.

Animaliak hotel batean uzteko aukera ez dela oraingo kontua dio Ibargurenek. Hala ere nabarmendu du egin den hobekuntza garrantzitsua izan dela, «garai batean jabea kanpoan zegoen bitarte horretan txakurra kaiola handietan egoten baitzen. Orain, zorionez baldintza hobeak eskaintzen dira, bere ongizatea bilatzen baita guztiaren gainetik».

Ingurune aproposa izatea ere garrantzitsua da. Manterola baserria lur berde zabalez inguratuta dago, edozein aldetara begiratuta, mendia soilik ikusten da, eta horrek txakurraren erosotasunean eta zoriontasunean eragina du.

Jabeek batez ere horri erreparatzen diote, izan ere, atari zabalean egonik paseo luzeak eta mendira txangoak egin ditzakete. Gehienetan txakurrak pisuetan bizi dira eta eskertzen dute haize freskoa. Bestetik, garbiketa zerbitzuak arduratzen ditu jabeak, hainbat txakur batera egonda bizkarroiak izatea errazagoa delako.

inguru berrira heltzean

Animaliarentzat -txakurrarentzat batez ere- ez da erraza hasierako une hori. Aurreneko orduetan abandonatuta sentitzen dira, eta Izaskunek aipatzen du sentikortasun berezia izan behar dela iritsi berri direnekin. Horregatik, lehenik txakurrari non lo egingo duen, non jango duen... erakusten zaio, etxearekin ohitu dadin.

Jabearentzat ere ez da samurra urruntze hori. «Lehen aldia denean gordina da, baina finean badakite zainketa onenak izango dituztela hemen», aipatu du Ibargurenek.

Egunek aurrera egin ahala, bai jabea bai animalia ohitu egiten dira, batez ere txakurra. Ibargurenek dio txakurrek, izaera zintzo eta irekia duten animaliak izanik, segituan egiten dituztela lagunak, eta hasierako beldurrak desagertu egiten direla.

Hori guztia posible egiteko, Izaskunen lan eguna goizeko zazpietan hasten da. Orduan ateratzen ditu bi txandatan txakurrak. «Lehendabizi handienak ateratzen ditugu, eta ondoren txikienak. Beste batzuetan hirugarren bira bat ematen dugu emeren bat araldian badago». Txangoen ostean banan-banan garbitzen ditu, hortaz, denbora luzea eskaintzen zaio xaboi eta orraziari.

Katuen zainketa, bestalde, guztiz ezberdina da, hauek ez baitituzte paseatzera ateratzen, baina bakoitzak beharrei egokitutako arreta jasotzen du.

Zainketa lanak ez dira kanpokoak bakarrik. Txakurraren izaera, egun horretan ze aldarte duten, eta zer sentitzen duten kontuan hartu behar dira neurri neurriko zainketak eta mimoak egiteko. «Txakur zaintzaileaz gain, esango nuke txakur psikologoa ere izan behar dela», gaineratu du Ibargurenek. Bizidunak diren aldetik, beren beldur eta sentimenduak dituzte, edozein pertsonak bezala.

Bananduta egondako tartearen ostean, jabearekin elkartzeko ordua iristen da. Katuak ez ditu bere sentimenduak agertzen, baina txakurrentzat etxera bueltatzeak beste aldaketa bat dakar. Lehen bi egunetan arraro egon ohi dira eta normalean baino lo gehiago egiten dute, baina etxeko erritmoa berehala hartzen dute berriro.

Giro aldaketa hauek sor ditzaketen arazoak lehen aldian soilik gertatzen dira, hurrengoan oroitzen baitute nora eta zertara doazen, eta gustura heltzen dira. Oraingoz, behintzat, txakurrik ez baita kexatu.

«Udan txakurrak enbarazu egiten duela esateko aitzakiarik ez dago jada»

Animaliak errepide bazterrean uztea ez da gauza berria. Legeak gogor zigortzen duen arren, urte osoan, eta bereziki udan, etengabe errepikatzen den ekintza deitoragarria da.

Arazoa sakona da, eta gainera amaiera urruti ikusten zaio, baina Manterola bezalako zerbitzuek irtenbide bat eskaintzen diote horrelako egoerei.

«Horrelako ekintza bat justifikatuko duen ezer ez da egongo inoiz, baina gaur egun inork ezin du argudio gisa erabili ez duela animalia non utzi, edo ezin duela inoren zaintzapean utzi», azaldu du Ibargurenek.

Merkatua zabala da, gero eta anitzagoa, eta aukeran aberatsagoa, beraz, aldaketa gertatzen ari den seinale izan daiteke.

Izaskun argi azaltzen da. «Etxean animalia bat dagoen unetik erantzukizun bat dago, eta arduratsu jokatu beharra dago horrekin, ez baita jolasa». O.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo