GARA > Idatzia > > Kirolak

Aurkezpena XI. Euskal Selekzioaren Eguna

Lapurdiko Pausuk hartuko du lekukoa ofizialtasunaren alde

Ohiko jai giroa ahaztu gabe, ESAITeko kideekin batera Urruñako eta Hendaiako herriko etxeko ordezkariek burutuko dute igande honetako ekitaldi nagusia.

Arnaitz GORRITI | DONOSTIA

Kaleak hala eskatu du, inkesta ofizialetan hala agertu da eta kirol arloko profesionalek halaxe eskatzen dute: euskal herritarren gehiengoak euskal selekzio ofizialak nahi dituela; beraz, Euskal Herriko selekzioen ofizialtasuna ukaezinezko eskubidea dela.

Bada, ordea, oraindik eskubideok ukatzen dituenik. Ondorioz, ESAITek, Lapurdira eramango du igande honetan XI. Euskal Selekzioaren Eguna. Bidasoa ibaiaren beste aldean egokituriko Pausu -Behobia- izan da 2009ko ekitaldirako aukeraturiko gunea.

Aurkezpena egiteko Donostiako Kirol Etxean emandako prentsaurrekoan adierazitakoaren arabera, hilaren 26ko ekitaldiak azken urteetako lelo berbera errepikatuko du: «Euskal Herria, Nazio Bat, Selekzio Bat, Federazio Bat», Espainia eta Frantziaren ukazioa eta egungo kirol federazioen zatiketari erantzuteko.

«Urteak daramatza herri honek bere selekzio nazionalen ofizialtasuna aldarrikatzen. Horren lekuko da ESAIT, azken hamahiru urteetan buru-belarri horretan ari delako. Egun inork ere ez du zalantzan jartzen euskal herritar gehiengo handi batek Euskal Herriko selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzen duela», esan zuen Arratibelek.

«Espainia eta Frantziako gobernuek Euskal Herriko selekzioa nazioartean ofizialki aritzeko oztopoak jartzen dituzte, ez baitute Euskal Herriak bere selekzioak izateko eskubidea errespetatzen. Etxean ere, egungo kirol federazioen antolakuntza bera ere oztopoa da, ez baitugu kirol egitura nazionalik. Konpromisoak hartzeko garaia dela uste dugu, argi baitugu herri honek bere eskubideak aldarrikatuz lortuko dituela», amaitu zuen Arratibelek.

Martxel Toledok, bestalde, Patxi Mutiloa, Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendari berriarentzat hitzak izan zituen. «Bilera eskatu diogu Mutiloa jaunari, Euskal Herriak ofizialki parte hartu ahal izateko arazoa duen heinean. Herri honek selekzio ofizialak edukitzeko eskubidea du eta hori ez dago gauzatzerik. Bide horretan lan egin behar da, eragile guztiekin harremanetan jarrita. Hala ez badu egiten, Kirol zuzendaria herri honen gehiengoaren kontra egongo da».

Egitaraua

Goizean hasiko da ekitaldia, 10.30ean, ikurrinaren igoerarekin eta txalapartari eta bertsolarien saioarekin. Ekitaldi nagusia 11.00etan izango da, non Hendaia eta Urruñako herriko etxeko ordezkariek ESAITekin batera ofizialtasunaren aldarrikapena egingo duten. 11.30ean Mutxikoak eta 12.30ean herri kirolak izango dira. Herri bazkarian bilduko dira 14.00etan.

Arratsaldean haurrentzako jokoak egongo dira 16.30etik aurrera, eta 17.30ean pilota partidak: eskuz gizonak eta paletaz emakumeak. Azkenik, 19.00etatik aurrera, Cel 3 taldearen kontzertuaz amaituko da XI. Euskal Selekzioaren Eguna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo